Osakidetzak iragarri du EAEko Lehen Arreta sisteman psikologoak ezarriko dituela. Proiektu pilotua da oraingoz, EAEko 13 zentrotan hasiko dena, eta Arabaren kasuan Gasteizko bi osasun zentrotan izango dira psikologoak, Lakuabizkarra eta Salburuan, hain zuzen.
Lehen aldia da Lehen Arretaren sistemaren barruan psikologoak txertatzen direna. Osakidetzan psikologoak egon badaude, baina ez norberaren erreferentziazko zentroan. Orain, gertuko osasun zentroan arreta psikologikoa jasotzeko aukera zabaldu nahi du Osakidetzak. Psikologo eskaria eskaintza baino handiagoa da, eta egungo profesionalek ez dute gaitasunik behar bezalako arreta eskaintzeko herritarrei.
Lehen Arretako psikologoek taldeko ekintzak egingo dituzte gehienbat, gaitz ez hain larriak tratatzeko. Ondoez emozionala, antsietatea, depresioa edo insomnioa izango dira, adibidez, Lakuabizkarran eta Salburuan landuko diren gaitzak. Familia medikuak bideratu beharko ditu pazienteak psikologoarenera.