8 orduko tarifa berria iragarri dute Gasteizko TAO sistemarako

Erredakzioa 2025eko irailaren 24a

Irailaren 15ean sartu ziren indarrean TAO zonalde berriak. Argazkia: ALEA

8 euro inguru balioko du 8 orduko aparkalekuak, langileentzako eta autoa denbora luzez utzi behar dutenentzako pentsatua. Positiboki baloratu du Artolazabalek TAO zonalde berrien ezarpena.

Beatriz Artolazabal Gasteizko Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak TAO sistemaren zabalpenaren lehen balorazioa egin du, indarrean sartu zenetik astebete pasatxo igaro denean. Auzoetako bizimodua hobetzeko neurri egokia dela adierazi du, plaza eskuragarriak daudela TAO ezarri den lekuetan eta horrek "agerian uzten du txandakatzea errazteko helburua lortzen ari dela".

Neurri berri bat ere iragarri du Artolazabalek, etorkizuneko ordenantza fiskaletan indarrean sartuko dena. TAO eremuetan zortzi orduz aparkatzeko aukera eskainiko dute, "prezio merke batean, 8 euro inguruan". Lanagatik edo beste arrazoiren batengatik autoa denbora luzez aparkatu behar duten pertsonengan pentsatuz hartu dute neurria.

Ordainpeko 6.000 plaza izatetik 11.000tik gora izatera igaro da azken zabalpen honekin. Aranbizkarra, Arana, Santa Luzia, San Martin, Arantzabal, Triana kalea eta Gasteiz hiribidea (Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaletik zubi urdineraino) hartu ditu neurri berriak.

"Orain, txandakatzearekin, saltokiek eta ostalaritzak ingurune irisgarriagoa eta dinamikoagoa dute". Zonalde horietako bizilagunen, saltzaileen eta bezeroen mesedekoa izango da neurria, Artolazabalen esanetan.

“Ez gaude inprobisazio edo burutazio baten aurrean. Etxeko lanak egiten ari gara hiria prest egon dadin eta egoiliarrek aparkalekua eta bizi-kalitatea bermatuta izan ditzaten”, adierazi du zinegotziak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago