Gasteizek 7.925 zuhaitz ikuskatuko ditu, banan-banan

Juanma Gallego 2025eko irailaren 24a

Pertsonen bizi kalitatean zuhaitzek duten rola nabarmendu dute. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Zuhaiztiek izan ditzaketen arriskuen mapa osatuko du udalak, hiriko aleen %7 inguru arakatuz.

Hirian diren zuhaitzen inguruan sortu daitezkeen arazoen inguruko mapa gaurkotu bat osatu nahi du Gasteizko Udalak, eta, horretarako, 7.925 zuhaitz banan-banan ebaluatzeko lanak abiatuko ditu. Zeregin horretarako 30.000 euro bideratuko ditu. 

Martxan jarri duen lizitazioaren arabera, hiriak gaur egun 112.000 zuhaitz inguru dauzka, Eraztun Berdea kontuan hartu gabe. Horietatik guztietatik 7.925 zuhaitz aukeratu dituzte udal teknikariek, horiek direlako arrisku gehien izan dezaketenak. Oro har, 12 metro baino gehiagoko zuhaitzak dira aztertuko dituztenak, zenbait espezie albo batera utzita. 

Ale bakoitzeko, arrisku egoera aintzat hartu beharko da, bai eta bere inguruan eragin daitezkeen arazoak ere, eta horiek behar dituzten zuhaitzerako "zuzentzeko ekintzak" proposatu. Aintzat hartuko diren elementuetako batzuk dira onddoen presentzia eta horiek zuhaitzarekiko mantentzen duten harremana, zuhaitzen arkitektura edota beren zahartze prozesuak. Zuhaitz bakoitzari gutxienez lau argazki atera beharko zaizkio, eta, alean aparteko arazoak atzemanez gero, beharrezkoak diren irudi osagarriak.

Lau puntu kardinaletatik behatuko dute zuhaitz bakoitza, datu dendrometikoak eskuratu aldera. Batez ere adaburuaren ezaugarriak aintzat hartu beharko dira. Behin aztertuta, arrisku maila baten araberako sailkapena egin beharko dute. Lana eskuratzen duen enpresak ezingo du inbentarioa ibilgailuz egin. Banan banan jasotako datuekin, mapa eta kalkulu orri bana eman beharko diote udalari. Ohartarazi dute ebaluazioa egiten den bitartean arrisku handiko egoera atzemanez gero, enpresak larrialdi zerbitzuekin kontaktatu beharko duela.

Agirian bertan argi utzi nahi izan dute "argi izan behar direla" zuhaitzek dakartzaten onurak, eta ezagutzen direla adaburuaren gutxitzeak edo zuhaitz bat mozteak dakartzan ondorioak. Zuhaitzek hiriaren bizi kalitatea handitzen laguntzen dutela oroitarazi dute teknikariek. "Hirietako espazio berdeek eta, zehazki, zuhaitzek hirietan pertsonen bizi kalitatearen hobetzean izugarriko rola betetzen dutela erakusten dute gero eta ikerketa gehiagok". Are, "hirietan bizitza duin bat ahalbidetzen duen faktoreetako bat" direla dio agiriak. Hortaz, "ez da kontu hutsala", eta hirien kudeaketan "garrantzi handienetako" gaia delakoan daude udal teknikariak.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago