Arabako Probintzia Auzitegiak 22 urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio gizonezko bati, bi alaba adingabeei sexu abusuak egiteagatik, eta bere emaztea mehatxatu eta iraintzeagatik. Gizonak bi alabak bortxatu zituen 5 eta 6 urte zituztenetik 10 eta 11 bete zituzten arte.
Espetxe zigorrarekin batera, kartzelaldia amaituta bost urtez zaintzapeko askatasunean egongo da erasotzailea. Halaber, auzitegiak agindu du biktimek guztira 101.000 euroko kalte ordainak jasotzea.
Epaian azpimarratzen da kasu honetan froga nagusia biktimen adierazpena izan dela, batez ere alaben testigantza. Akusatuak epaiketan ukatu egin zituen gertakari larrienak, baina auzitegiak nabarmentzen du halako delituak, etxeko intimitatean gertatzen direnez, ia ezinezkoa dela zuzeneko lekukoak izatea biktimak salbu.
Epaimahaiaren arabera, hiru emakume salatzaileen kontakizunak bat datoz eta koherentzia erakutsi dute. Horrez gain, auzitegiak ondorioztatu du alabek emandako testigantzak ez duela kontraesanik eta ez dagoela salaketa faltsurik edo gertakariak puztu izanaren inolako zantzurik.
Unitate Forentse Integralak ere sinesgarritzat jo zituen emakumeek adingabe zirenean egindako adierazpenak.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.