Palestinako herriak, bereziki Gazako Zerrendan, bizi duen egoera larria salatu du Sanitarioak Palestinarekin plataformak. Gasteizko Txagorritxu eta Santiago ospitaleen aurrean elkarretaratze bana egin dute aste honetan, eta hildako osasun langileen izenen irakurketa kolektiboa egin dute osasun arloko langileek.
Plataformak jakinarazitako datuen arabera, 1.580 osasun langile hil dituzte dagoeneko. Antolakundeak azpimarratu du ospitaleei eta osasun profesionalei egindako erasoek nazioarteko zuzenbidea urratzen dutela, eta gogorarazi du osasun langileak, gaixoak, jaioberriak eta herritarrak babestu egin behar direla beti.
"Munduko Osasun Erakundeak adierazi duenez, Gazako osasun sistema guztiz kolapsatuta dago, eta ez dago ospitale bakar bat ere erabat martxan". Salatu dutenez, osasun langileak zuzenean ari dira pairatzen erasoak, atxiloketak, zauriak eta heriotzak.
Testuinguru honetan, Sanitarioak Palestinarekin plataformak bere babesa erakutsi die Gazarako Mugimendu Globalari eta Global Sumud Flotillari. Flotilla une honetan nazioarteko uretan dabil Gazara bidean, Israelek ezarritako blokeoari aurre egin eta itsas korridore bat zabaltzeko asmoz, elikagaiak eta botikak palestinar herrira eramateko.