Mugikortasun eta jasangarritasun arloetan gero eta behar handiagoak daude Araban, eta horiei erantzun asmoz inauguratu dute gaur Mobility Lab Campus egitasmoa Arabako campusaren Ingeniaritza Eskolan. Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorearen esanetan "apustu estrategikoa" da proiektu hau. Enpresen lehiakortasunari ekarpena egitera dator, baina helburuen artean ditu kualifikazio handiko langileak trebatzea eta talentua erakartzea ere.
Bertan konbinatu asmo dituzte "unibertsitatearen zorroztasun zientifikoa eta sormena", batetik, eta "enpresen dinamismoa eta lehiakortasuna", gerora gizartera transferitzeko ezagutza zein aberastasuna.
Ingeniaritza Eskolaren sotoan dago Mobility Lab Campusa, 700 m2-ko azalerarekin. Mugikortasun adimendun eta jasangarria indartuko duten proiektu berriak garatzea du helburu, eta "5.0 industria indartzea automozioa eta aeronautika" bezalako sektoreetan. Ikerketa proiektuen bidez lagunduko du, Hezkuntzarako Lankidetza Programen bidez, edo GRAL, MAL eta doktorego tesien bidez.
500.000€ko inbertsioa jaso du espazio berriak, eta hainbat gunez osatua dago:
• Ipar Galeria, "abiapuntu sinbolikoa". Galeria honekin adierazi nahi dute ikerkuntzak, orainaz gain, etorkizuneko bidea ere kontuan hartzen duela.
• Bi Unibertsitate-Enpresa Gela, unibertsitatearen eta industria sarearen arteko lankidetzarako. Enpresen eta unibertsitatearen arteko elkarlana sustatuko dute bertan, GRAL, MAL eta doktorego tesiak garatzeko.
• Ikerketen eta Proiektuen Laborategia. Mugikortasunarekin, jasangarritasunarekin, energia garbiekin eta abarrekin lotutako proiektuak garatzen dabiltzanentzako funtzio anitzeko gunea.
• Mugikortasun eta Logistikako Laborategia. Logistikako eta garraio adimenduneko prozesuen irakaskuntzan eta simulazioan espezializatutako ingurunea.
• Sentsore meteorologikoak kalibratzeko laborategia. Gune honek bere eginkizunen artean izango ditu EAEko sare meteorologikoko sentsoreak kalibratzea eta arlo honetan planteatutako arazoei irtenbide teknologikoak ematea.
• Ekintzailetza Laborategia. Formula Student eta Moto Student bezalako egitasmoentzat prestatua. Autoak eta motorrak eraikitzeko berariazko guneak izango ditu.