Palestinaren aldeko nazioarteko borroka egunaren harira eta Gazarako Mugimendu Globala-Euskal Herria taldeak deituta, ehunka lagunek Gasteizko Legebiltzarra inguratu dute eguerdian. Israel Gazan egiten ari den genozidioarekin euskal erakundeek duten "konplizitatea" salatu dute eta Eusko Jaurlaritzari exijitu diote Israelekin dituen harreman oro eteteko. Politika Orokorreko Osoko Bilkura baliatu dute protesta egiteko.
"Eusko Jaurlaritzak eta gainerako erakundeek Israelekin dituzten harreman politiko eta ekonomikoak haustea eskatzen dugu, genozidioa behingoz gelditzeko. Gure ustez, Eusko Legebiltzarra ez da nahikoa egiten ari basakeria honekin amaitzeko ", azaldu dute Agus Gorbea eta Pili Revilla Gazarako Mugimendu Globala elkarteko kideek protestan.
Ildo horretan ohartarazi dute Imanol Pradales EAEko lehendakariak CAF enpresari Jerusalemgo tranbian parte hartzeari buruzko "hausnarketa" egiteko deia egin dion arren, Jaurlaritzak "CAFen jarritako dirua izaten jarraitzen du proiektuarekin aurrera jarraitzeko". Adierazi dute Jaurlaritza "irudia garbitzen ari dela".
Arratsaldean, 19:00etan Bilbo plazatik abiatuko da manifestazio zaratatsua.