Hiriko segurtasunari lotutako salaketak bere kabuz jasoko ditu Gasteizko Alderdi Popularrak, eta horretarako berariaz jarritako telefono bat iragarri du. Alderdiaren arabera, 620145864 telefonora hots eginez Iñaki Garcia Calvo bozeramale popularrarekin edo alderdiko zinegotziekin hitz egin ahalko da salaketa horien berri emateko.
Alderdiak zabaldutako prentsa oharraren arabera, telefono horren funtzioa izango da hiritarrek deitzeko aukera izan dezatela "segurtasun ezari lotutako ezein arazo" alderdiari helarazteko, eta, ondoren, salaketa horiek udalari eramateko, bertan "irtenbideak galdegin" aldera.
Fuera okupas y delincuentes kanpainaren barruan eman dute telefono horren berri. Esaldi hori esaldia serigrafiatuta duen furgoneta bat kontratatu dute popularrek, eta iragarri dute lau astez Gasteizko auzoetan zehar eramango dutela furgoneta hori.
Garcia Calvoren hitzetan, "lapurtzen duena kanpora" bidali beharra dago, eta "baita okupatzen duena ere". Zabaldutako oharrean popularrek ez dute zehaztu Gasteiztik pertsonak kanporatzeko neurriak zein hiritarri eragingo liekeen, ezta nora kanporatuko lituzkeen ere, baina iragarri du hiria ezin dela izan "gaizkileen helmuga". Udal gobernuan diren EAJ eta PSE-EE alderdiei egotzi diete "urte asko" eraman izana "neurriak hartu gabe". Hortaz, aurreratu dute Gasteizko alkateak hori egiten baldin ez badu, haiek egingo dutela "udal gobernura iristen" direnean.