5.000 etxebizitza huts baino gehiagori zergak igo dizkie Gasteizko Udalak

Erredakzioa 2025eko irailaren 18a

Eusko Jaurlaritzak datozen asteetan ebatziko du ea Gasteiz tentsio handiko gunea den. Argazkia: ALEA

720.000 euro baino gehiago jaso ditu udalak neurri honi esker, baina Elkarrekin taldeak salatu du ez dela lortu etxebizitza hutsak alokairuan jartzea eta prezioak jaistea.

Justifikaziorik gabe etxeak hutsik mantentzen dituztenak hasi dira gehiago ordaintzen Gasteizen. Ondasun Higiezinen gaineko Zerga %50 igo die udalak hiriko 5.387 etxebizitzaren jabeei. Guztira 722.120 euro jaso ditu udalak trukean, zergadun bakoitzak 134,05 euroko ordainketa eginda. Etxebizitza hutsen kopurua jaitsi eta etxebizitzarekin espekulatzearen aurkako neurria izan da Gasteizko Udalak indarrean jarritakoa.

Zerga igoera jasan dute, berez, iazko urtean etxebizitza hori gutxienez bederatzi hilabetez alokatuta izan ez zutenek eta Gasteizko etxebizitza hutsen Bizigune programan izen emanda ez daudenek. Salbuespen gehiago ere badaude, adibidez, etxea obretan egotea, bizilaguna azken urtean hil izana, herentziak kudeatzen egotea jabea hil zenetik bi urte baino gutxiago igaro badira, edo adineko zentro batean sartu bada. 2.400 helegite baino gehiago onartu ditu udalak halako kasuengatik, baina beste 952ri ukatu egin die eskaera, ez zegoelako inor erroldatua etxe horretan.

Elkarrekin udal taldeak esan du OHZa igotzeko neurria porrota izan dela, ez delako lortu etxebizitza hutsak alokairuan jartzea. "Eskaintza ez da hazi eta prezioak ez dira jaitsi. Kontrara, gaur Gasteizen bizitzea inoiz baino garestiagoa da". Eraginkorra ez den neurri batekin tematzea leporatu dio Udal Gobernuari, eta etxebizitza hutsen kanonaren alde egin du, neurri honek berme gehiago ematen dituelakoan.

Tentsio handiko gunea

EH Bilduk, bere aldetik, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak datozen asteetan erantzun dezakeela Gasteizek uztailean egindako eskaera, hiria tentsio handiko gune izendatzekoa. Tramiteetan azkartasuna eskatu du EH Bilduk, Arabako alokairuaren erreferentziazko prezioen indizea laster osatu dadin, eta Gasteizko Udalari eskatu dio ahal bezain pronto mugatu ditzala alokairuaren prezioak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago