Judimendiko eskulturaren garbiketa lanak amaitu dituzte

Juanma Gallego 2025eko irailaren 17a

Eskulturak ohiko itxura berreskuratu du, ia 2.000 euroko garbiketa lanen ondoren. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Sefardien omenez egindako eskulturaren garbiketa lanek 1.972 euroko kostua izan dute.   

Yael Artsi artista israeldarrak Judimendiko parkerako egindako Elkarbizitza eskulturak bere ohiko itxura berreskuratu du, behin horren gainean egin zituzten pintaketak garbitzeko lanak amaitu eta gero. Udalak iragarri duenez, gaur goizean kendu dituzte lanek iraun duten bitartean paratuta egon diren hesiak.  

Ez da lehen aldia Gasteizko komunitate judutarraren omenez jarritako eskulturari eraso egiten diotena. Azken garbiketa honen kostua 1.972 eurokoa izan da, baina orain arte udalak 11.000 euro gastatu ditu 2019tik egindako hainbat garbiketatan.

Joan den irailaren 3an artelanaren gainean pintaketak egin zituzten, Genocidas, Hamas mátalos eta Gora Palestina esaldiak pinturaz idatziz. Erasoa izan eta gutxira, EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek pintaketak gaitzetsi zituzten, Elkarrekin Podemosek abstentzioa jo zuelarik. EH Bilduk, berriz, "onartezintzat" jo zituzten. 

Udalak gogora ekarri du pintaketen berri izan ondoren gainazaleko garbiketa egiteko aukera aztertu zuela, baina azkenean profesional kualifikatuengana jo behar izan zuela, "prozesuan zehar eskultura gehiago kalte" ez zedin.

Judutarren hilerri izandako tokia Gasteizko hiriari utzi zioten sefardiek, Gaztela eta Aragoiko erresumetatik 1492an kanporatu zituztenean, baina hiriko ordezkariei baldintza bakarra jarri zieten: leku horren gainean inoiz ez zela eraikinik paratuko edota landatuko, eta zerbitzu publikorako utziko zela. Konpromisoa 1952ra arte mantendu zen, urte horretan Ipar Euskal Herriko judutar komunitatearekin hasierako akordioa berrikusi zenean, hain zuen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago