Gasteizen bi mobilizazio deitu dituzte ostegun honetarako, Palestinaren alde mundu osoko ehunka kolektibok antolatu duten borroka egunaren barruan. Giza kate zaratatsua egingo dute 13:00etan Eusko Legebiltzarra inguratzeko, eta manifestazio zaratatsua, 19:00etan Bilbo plazatik abiatuta. Okupazioaren eta genozidioaren amaiera aldarrikatuko dute ekimen horiekin lotuta.
Mobilizazioaren eguna ez da kasualitatea. NBEren Batzar Nagusiak 2024ko irailaren 18an onartu zuen A/ES-10/L.31 ebazpena, non Israeli eskatzen zitzaion 12 hilabeteko epean amaiera emateko Palestinako Lurralde Okupatuetan duen presentziari eta Hagako Justizia Auzitegiaren neurri behin-behinekoak betetzeko. Baina ordutik okupazioa areagotu egin da, eta Gazako erasoek dimentsio berria hartu dute, aste honetan bertan Gaza Hiriaren okupazio militarrarekin ehunka hildako, zauritu eta milaka desplazatu eraginez.
Gainera, Palestinaren aldeko nazioarteko kolektiboek kalkulatzen dute Sumud ontzidiaren kontrako Israelen erasoa ematen bada data horien inguruan gerta daitekeela.