Hiru Hiriburuak emakumezkoen pilota txapelketak kirol ekitaldien agendan duen tokia sendotzea lortu du laugarren edizio honetan. Lau kategoriatan lehiatuko diren 70 pilotarik hartuko dute parte. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoak hiriburuetako udalek eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako txapelketa irailaren 27an, larunbatean, hasiko da Gasteizko Beti Jai pilotalekuetan jokatuko dituzten final laurdenekin. Finalerdiak urriaren 5ean jokatuko dira Bilboko Esperantza pilotalekuan, eta finalak urriaren 12an Donostiako Atanon.
Beste behin, Emakume Master Cup zirkuituaren irizpideekin bat eginez, Gasteiz, Bilbo eta Donostia lotuko dituen txapelketa erabat irekia izan da eta parte hartu nahi izan duten emakume guztiek izan dute bertan izena emateko aukera. Aukera hori zabalagoa izan dadin eta emakume bakoitzak bere errealitate eta beharretara egokitzen den lehiaketa izan dezan, txapelketa lau kategoriatan banatuko da, laurak pilota mistoarekin eta hainbat kategoriarekin: hasiberriak, gazteak, promesak eta eliteak.
Elite kategoriari dagokionez, aurten zortzi bikotek hartuko dute parte: Etxegarai-Gaminde, Arrizabalaga-Bergara, Zabaleta-Mendizabal, Arraiza-Capellan, Ibarrola-Betegi, Salsamendi-Bertiz, Aldai-Erasun eta Uriarte-Perez. Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatu zen 2024ko finaleko garailea Zabaleta-Mendizabal bikotea izan zen.