Azaroan amaituko da Prezero-Onaindia enpresa elkartearekin dagoen kontratua, Gasteizko zaborren kudeaketa lanak esleitzen dizkiena. Hala ere, kontratu horrek bederatzi edo hamar hilabeteko luzapena izango duela aurreratu du Pascual Borja zinegotziak, kontratu berrirako eskaintza berritzen ari baita udala.
Ekainean hutsik geratu zen udalak eskainitako kontratua, hamar urterako akordioa, urtero 35,5 milioi euroko aurrekontuarekin. Inor aurkeztu ez zenez, kontratuaren baldintzak egokitzen ari da udala, baina oraindik ez dute zehaztasunik eman. Borjak aurreratu duen bakarra da 2026ko udararako espero dutela egotea enpresa berria zaborren kudeaketa egiten.
355 milioi euroko kontratuak "egokortasuna" eman nahi zion zaborren kudeaketari, udaleko arduradunek baieztatu zutenez. Garbiketa zerbitzu ohikoez gain, barne hartzen zituen makineria berritzea, edukiontzi metalikoak ezartzea, urtero garbiketa sakon bat egitea auzoka, eta beste hainbat zerbitzu. Aurreratu ez badute ere, Borjak adierazi du litekeena dela eskainitako diru kopurua handitzea, aurreko eskaintzak erantzunik jaso ez zuela ikusita.
EH Bildu eta Elkarrekin taldeek kritikak egin dizkiote udalari eta, batez ere, garbiketa enpresei. Garbiketa enpresen "lobbyak" prozesua boikoteatu izana salatu du EH Bilduk, eta berriz gertatzeko kezka adierazi du. Elkarrekin udal taldetik ere salatu dute enpresa hauek "udala gehiago zukutu" nahi dutela, eta udalak zerbitzua "zuzenean bere gain" hartu dezan eskatu dute.