Israelgo kirol taldeei Gasteizen jokatzea debekatzeko eskatu dio BDZk aldundiari

Erredakzioa 2025eko irailaren 16a

Maccabi taldeari boikota egiteko mobilizazioa Gasteizen. Argazkia: ALEA

BDZ mugimenduak gogoratu du Buesa Arenako jabea aldundia dela eta bere esku dagoela Maccabi eta Hapoel saskibaloi talde israeldarrak hirian ez jokatzea.

'Boikot, desinbertsioa eta zigorrak' (BDZ) mugimenduak Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiari eskatu dio debekatzeko Israelgo kirol taldeek Buesa Arenan Euroligako partidak jokatzea. BDZ-k azpimarratu du aldundiak, Buesa Arenako jabea den aldetik, "giltza legal eta ordenatua" duela Israelgo kluben partidak galarazteko.

Ildo horretan, deklarazioetatik ekintzetara igarotzea eskatzen diote Gonzalezi: "Sinesgarritasuna nahi baduzu, ekin. Zuen esku dago Israelgo ordezkariek gure hirian ez jokatzea ". Eskaera Itzuliaren azken etapa Madrilen bertan behera geratu ostean etorri da.

Neurri zehatzak eske

Ohar batean, BDZ mugimenduak gogorarazi du ahaldun nagusiak duela gutxi adierazi zuela Maccabi eta Hapoel Euroligatik kanporatu behar zituztela, eta "betebehar etikoa" zela Israelek Palestinan egindako erasoaren aurrean "ahotsa altxatzea". Kolektiboak "aurrerapausotzat" jo du jarrera hori, baina uste du ez dela nahikoa, neurri zehatzak ez badira.

Taldeak azpimarratu duenez, Gasteizko gizarte zibilak bi hamarkada daramatza Israelgo taldeek armadarekin dituzten loturak eta "erregimen arrazista eta kolonialaren justifikazioan" duten papera salatzen. Era berean, askotan herritarren mobilizaziora, desobedientzia zibilera eta ekintza zuzenera jo dutela gogorarazi dute, "errepresio fisiko eta ekonomiko gisa prezio altua ordainduz".

Taldearen arabera, ahaldun nagusiak ez baditu bere eskumenak erabiltzen Maccabi eta Hapoel Gasteizen egoteari betoa jartzeko, "nazioarteko komunitatearen gelditasunarekin" lerrokatuta geratuko da, "historiak gogor epaituko baitu".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago