Kexa artean sartu da indarrean TAO berria

Erredakzioa 2025eko irailaren 16a

Isunak jada ezingo dira kendu egunean bertan, 6 euroan. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Sei auzo berri gehiagotan ezarri dute aparkatzeko araudia, 6.000 aparkaleku izatetik 11.000 izatera igaroz.

Gasteizko Udalak astelehenean zabaldu du TAOaren eremua sei auzo berri gehiagotan, arautako 6.000 aparkaleku izatetik 11.000 izatera igaroz. Hala ere, lehen egunotan herritarrek hainbat kexa azaldu dituzte: batzuek ezin izan dute kreditu txartelarekin ordaindu, eta beste askok parkimetro gutxi dagoela salatu dute.

Honako auzoetara zabaldu dute TAO berria: Aranbizkarra, Arana, Santa Lucia, San Martin, Aranzabal, Gasteiz etorbidea (Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaletik zubi urdinera arte) eta Trianak.

Parkimetro berriak ere ezarri dira Gasteizen. Matrikula hartzeko sistema automatikoa dute eta ez da derrigorrezkoa tiketa autoan uztea. Halaber, ordainketa mugikorrarekin egiteko aukera dago ElParking, EasyPark eta Telpark aplikazioak erabiliz, Lehenak ez du komisioa kobratzen, baina beste biek bai zenbait kasutan.

Tarifak honako hauek dira: lehen 15 minutu doan; 30 minutu: 1,05 € – 1,35 € (zonaren arabera); ordu bat: 1,80 € – 2,15 €; eta gehienezko 240 minutu: 4 € – 4,70 €.

Bestalde, egoiliarren txartelak urteko 45,60 euro balio du, eta merkatarientzat 284,20 euro. Azken horiek gehienez bost txartel eska ditzakete. Gainera, autonomo eta gremioentzat TAO bereizgarria sortu da, denbora mugarik gabe aparkatzeko aukera ematen duena.

Bestalde, zamalanak egiteko guneak doakoak dira, gehienez 30 minutuz, eta Gasteizko landa eremuko biztanleek, garraio publikorik ez badute, TAO txartela eska dezakete.

Plaza mota desberdinak ezarri dira:

  • Urdinak (txandakakoak): bertan aparkatu dezakezu tiketa eskuratzen baduzu edo profesional eta autonomoentzako TAO bereizgarria baldin baduzu.
  • Berdeak (egoiliarrak): bertan aparkatu dezakezu tiketa eskuratzen baduzu edo eremu horretarako TAO bereizgarria baduzu.
  • Gorri-berdeak (egoiliarrentzat bakarrik): bertan aparkatu dezakezu bakarrik eremu horretarako TAO bereizgarria baldin baduzu, egun hauetan izan ezik: jaiegunak eta abuztua (egun horietan, edonork aparkatu dezake).
  • Laranjak (aparkaldi laburrekoak): denbora-muga murritzagoa duten plazak dira. Bertan aparkatu dezakezu tiketa eskuratzen baduzu. Plaza horietan ez dute balio TAO bereizgarriek.

Isunak orain arte baino garestiagoak izango dira, 30 eta 60 euro artean urraketa txikien kasuan, eta 200 euro iruzurra egiteagatik edo baimen faltsuak erabiltzeagatik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago