Judimendiko auzo elkarteak neurriak eskatu ditu bide segurtasun faltaren aurrean

Erredakzioa 2025eko irailaren 16a

Benito Guinea eta Jose Mardones kaleen artean dagoen zebrabidea. Argazkia: GOOGLE MAPS

Elkartearen arabera, auzoan hainbat "puntu beltz" daude, eta harrapatzeak egon dira azken urteotan.

Judimendiko auzo elkarteak salatu du azken urteetan auzoak pairatzen duen bide segurtasun falta, eta Gasteizko Udalari neurriak hartzeko eskatu dio. Elkartearen arabera, auzoan hainbat "puntu beltz" daude, eta horietan harrapatzeak gertatu dira azken urteetan.

Elkarteak azaldu duenez, azken istripua irailaren 10ean gertatu zen, Jose Mardones kalea zeharkatzen duen zebrabidean, Benito Ginea kalearen parean. Hiru lagun zauritu ziren. Aurretik ere, ekainean eta iazko abenduan, beste bi harrapatze gertatu ziren Olagibel kalea eta Judimendi etorbidea elkartzen dituen bihurgunean; azken horretan, pertsona bat hil zen.

Auzo elkarteak gogorarazi du ez direla kasu isolatuak eta udalak badakiela arriskutsuak direla gune horiek. Hala ere, salatu dutenez, orain arte ez dira hartu beharrezko neurriak. "Beharrezkoa da premiazko neurriak hartzea eta auzoko kaleen segurtasuna berrikustea, istripu tragiko gehiago saihesteko”, adierazi dute Judimendikoak elkarteko ordezkariek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago