Indarrean da Gasteiz erdigunean trafikoa mugatuko duen Emisio Gutxiko Eremua, kutsadura murriztu, airearen kalitatea hobetu eta mugikortasun eredu seguruago bat lortzeko helburuarekin.
"Neurri horren helburua ez da bakarrik zirkulazioa arautzea; izan ere, osasun publikoaren aldeko apustu irmoa ere bada. Kutsadura murriztea arnasbideetako gaixotasunak eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua gutxitzea da", adierazi du Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren zinegotziak.
EGEren lehen fasea gaur aktibatu da, eta ingurumen bereizgarririk (A etiketa) gabeko ibilgailuen sarbidea mugatuko du; 2001a baino lehen matrikulatutako gasolina bidezko autoak eta 2006a baino lehenagoko dieselak mugatuko ditu. B, C, ECO eta Zero etiketak dituzten ibilgailuek normaltasunez zirkulatu ahal izango dute. Ordenantzak, gainera, 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera muga B etiketa duten ibilgailuetara ere zabalduko dela ezartzen du. Pixkanaka, gutxiago kutsatzen duten autoak bakarrik sartu ahal izango dira.
Gaur indarrean sartu den ordenantzak Alde Zaharrean eta eta Zabalgunean aplikatuko da. Hiru hilabeteko egokitzapen aldia izango da, abenduaren erdialdera artekoa, eta epe horretan ez da zehapen ekonomikorik ezarriko. Baimenik gabeko ibilgailuekin sartzen direnek jakinarazpen informatiboa baino ez dute jasoko. Egun horretatik aurrera, ordea, arau-hausteek 200 euroko isuna izango dute.
Sarbide kontrola matrikulak irakurtzeko sistema automatikoaren bidez egingo da. Sarrerako puntu nagusietan jarritako ia 40 kamerek denbora errealean egiaztatuko dute ibilgailu batek EGEra sartzeko baimena duen ala ez.