Gasteizko Eva Forest Liburutopian lehen aldiz arrazakeria eta migrazioari buruzko ziklo bat antolatu dute, urrian zehar hainbat zita ekarriko dituena. Hitzaldi, eztabaida, liburu aurkezpen eta bestelakoak ikusteko aukera izango da, Arrazakeria gure auzoan hasten da! Gure auzoan borrokatzen da! izeneko zikloan.
Migrazio prozesuen eta arrazakeriaren gaiak batzea erabaki dute, "diskurtso atzerakoia desmitifikatzen laguntzeko", eta horretarako aztertuko dute "klase menderatzaileak migrazioaz egiten duen erabilera. Lanaren nazioarteko banaketa, lan produktibo eta erreproduktiboak zentro inperialistan, mugek duten funtzioa, indarkeria instituzionala, segregazioa... hainbat gai landuko dituzte urriaren 2tik 30era.
"Nork ekartzen dizkigu erosten dituzuen liburuak? Nork garbitzen du ondoko ataria? Nor atxikitzen du poliziak kale kantoian? Zein hizkuntzatan zuzentzen gatzaizkie pertsona arrazializatuei? Zein izan da gure liburudendetan ditugun idazle arrazializatuen ibilbidea?".
Liburutopiatik ohartarazi dute zenbait interesek migrazioan jarri nahi dutela Gasteizko arazoen erroa, eta horregatik gogorarazi dute 70eko hamarkadan biztanleen %30 inguru zela Gasteizen jaioa, eta hala ere herritarrak gai izan zirela jatorri ezberdineko pertsonak elkartu eta batera borrokatzeko.
"Ezinbestekoa da komunitatea sortzea eta gure indibidualismoaren biktima ez izatea", azaldu dute, eta hainbat galdera luzatu dizkiete herritarrei: "Nola eraikiko ditugu auzo seguruak? Nola zainduko dugu gure jendea? Nola lortuko dugu pertsona guztientzako hezkuntza duina? Nola konponduko dugu euskararen arazo diglosikoa?". Galdera hauek mahai gainean jartzea izango da zikloaren helburua. Hilabete osoan zehar Mugak erakusketa egongo da ikusgai liburu dendan.
Egitaraua
Urriak 2, osteguna, 19:00
Mahaingurua: Mugak, zertarako? - Ana Ribacoba, Shaila Fernandez eta Ion Aranguren
Urriak 9, osteguna, 19:00
Hitzaldia: Lan erreproduktiboa eta migrazioa. - Tania Cañas Siriany
Urriak 16, osteguna, 19:00
Mahaingurua: Arrazakeria gure auzoan hasten da. Gure auzoan borrokatzen da - Aratz Estonba, Jone Gibelalde, Ane Salvador eta Rene Behoteguy. Cira Crespo moderatzaile izango da.
Urriak 21, asteartea 19:00
Liburu aurkezpena: Komunismoa eta inperialismoaren auzia - Hainbat egile.
Urriak 23, osteguna, 19:00
Hitzaldia: Migrazioa, arrazakeria eta kolonialismo frantsesa - Said Bouamama
Urriak 30, osteguna, 19:00
Tailer praktikoa: Alde zaharrean arrazakeriaren aurka borrokatu