Arana zentroa 200 plazara mugatzeko eskatu du Etxebarriak

Juanma Gallego 2025eko irailaren 12a

Gaurko prentsa agerraldian eman du eskaeraren berri. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Gizarte zerbitzuen "gaitasun operatibora egokitzeko" egin dio eskaria alorreko ministroari.

Arana Nazioarteko Babes Zentroan 150 plaza gutxitzeko eskatu dio aste honetan Maider Etxebarria Gasteizko alkateak Elma Saiz Inklusio ministroari. Alkateak argudiatu duenez, aurreikusitako 350 plazatik 200 plazara jaisteko eskariak hiriko baliabide eta gizarte zerbitzuen "gaitasun operatibora egokitzea" du helburu.

Joan den astelehenean izandako bilera batean egin du eskari formala, baina gaur eman du alkateak horren berri, Tokiko Gobernu Batzordearen ondoren egindako prentsa agerraldian. Etxebarriaren arabera, ministroak "jarrera irekia" izan du eskaeraren aurrean, baina onartu du oraindik "bilera honek ekar ditzakeen emaitzen" zain dagoela.

Bilera horretan beste hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean. Batetik, instalazioen zati bat auzoko bizilagunei irekitzea, hala nola kirol arlokoak eta beste hainbat ere. "Horrek errefuxiatuen integrazioa bultzatzen lagunduko luke eta, aldi berean, erakundeen eta inguruko bizilagunen parte hartzea erraztuko luke", esan du. Bestetik, migrazioaren alorrean eskumena duen Jaurlaritzarekin "koordinazio handiagoa" izatea zenbait gaitan: harrera eta integrazio ibilbideak, lan baimenak, hezkuntza, edota osasuna aipatu ditu.

Modu berean, "eskuin muturrak eta haren diskurtsoa erosten dutenek" zabaldutako mezuen aurrean, Etxebarriak gogora ekarri du "beren bizitzak duintasunez berreraiki behar dituzten pertsona eta familia zaurgarriei harrera eta laguntza emateko baliabidea" izango dela zentroa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago