Lorezainek konponbidean esku hartzeko eskatu diote Gasteizko Udalari

Erredakzioa 2025eko irailaren 12a

Udalaren San Martingo bulegoetan egin dute agerraldia lorezainek. Argazkia: ELA

Enviserreko lorezainek agerraldia egin dute udalaren jarrera salatzeko, eta greba eskubidearen urraketak gaitzesteko. Bost hilabete eta erdi daramatzate jada greban. Astelehenerako elkarretaratzea deitu dute.

Gasteizko Udalak azpikontratatutako lorezainek greban jarraitzen dute, jada bost hilabete eta erdiz luzatu den lan gatazkan. Agerraldia egin dute gaur, udalari eskatzeko esku hartu dezala gatazka amaitu eta soldata duinak eskaintzeko. Bestalde, gogor salatu dute udalak greba eskubidea urratu izana. Elkarretaratzea deitu dute astelehenean, hilaren 15ean, 19:30ean Esmaltacioneseko biribilgunean.

Gasteizko gizartearen aldarri bilakatu da lorezainen borroka, hitzartzean azaldu dutenez, eta horren erakusle, gaur 5.000 sinaduratik gora eraman dituzte udalaren San Martingo bulegoetara, udalari presio egiteko konponbidean parte hartu dezan. Eskerrak eman dizkiete azken hilabeteetan babesa adierazi dieten herritarrei, blusa eta nesken kuadrillei, txosnei eta beste hainbat eragileri.

Udalak lorezainen greba eskubidea urratu du aste honetan, beste langile batzuk kontratatu dituelako Olarizuko zelaiak egokitzeko, grebalariak ordezkatuz. Udalaren jokabidea salatu dute lorezainek, "gasolina botatzea besterik" egiten ez duela adierazi dute, eta leporatu diote konponbidea bilatu beharrean legea bihurritzen aritzea greba eskubidearen aurka. "Oso larria da enpresa pribatu batek grebalariak ordezkatzea, baina udala bezalako administrazio publiko batek hala jokatzeak muga guztiak gainditu ditu".

Greba hainbeste denboraz mantentzearen zailtasunak aipatu dituzte agerraldian, eta ohartarazi dute zenbat kalte egiten dieten "neurrigabeko gutxieneko zerbitzuek" eta udalaren "etengabeko kriminalizazio saiakerek", besteak beste. Aipatu dute nola Beatriz Artolazabalek agerraldi batean azaldu zuen ya ez zegoela sute arriskurik, eta lorezainek argudiatu dute, ondorioz, gutxieneko zerbitzuak jada ez direla beharrezkoak. "2 edo 3 astez iraun behar zuten, eta ia hiru hilabete daramatzate".

Eskirol salaketak

Inguruko nekazari familia batek, Ullibarri Busteros sendiak, agiri bat plazaratu du esanez haiek ez dutela zerikusirik udalak Olarizuko lanak egitera bidalitako langileekin. Izan ere, ezezagun batzuek margoketak egin dituzte haien biltegiko paretan, "lorezainak borrokan", "greba eskubidearen aurkako erasorik ez" eta "eskirolak" idatzita. Gainera, etxean ura moztu zietela ere salatu dute.

Grebalariei elkartasuna adierazi die familiak eta lan baldintza duinen aldeko borroka babestu dute, baina jakinarazi dute ez zela haien makineria izan Olarizuko zelaia zanpatzen aritu zena, eta ez zirela haiek traktore gainean zeudenak. Eskirol bezalako irainak jaso beharra bidegabea dela adierazi dute. Hala ere, "ez dugu fokua guk izan nahi, fokua dago greban, langileen eskubideetan eta greba eskubidearen urraketan", nabarmendu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago