Gasteizko Horrela Ez Badaiotz plataformak egindako azterlan baten arabera, Arabak gutxienez 1.283 hektarea lurzoru antropizatu ditu (gizakiaren eraginez aldatuak) energia berriztagarriko parkeak instalatzeko, balio handiko nekazaritza lurrak edo ingurune naturalak okupatu beharrik gabe.
Jabetza Publikoko Lur Antropizatuen edo Berriztagarrietarako Egokiak diren Hiri Lurren Arabako Inbentarioa izeneko azterlana aurkeztu berri du taldeak, eta horretan bide publikoetan, trenbideetan, azpiegitura hidraulikoetan, zabortegietan, hondakindegietan, aireportuetan, industrialdeetan eta hutsik dauden orubeetan dauden espazioak identifikatu eta kuantifikatu ditu. Guztira 1.512 MW-ko sortze ahalmena dutela aurreikusten da.
Aztertutako kokapenen artean, hauek nabarmentzen dira:
- Bide publikoaetan: erdibitzaileak, errepideen arteko lotuneak, eta ezpondak lotzeko eremuak, 497,5 MW arteko potentzialarekin.
- Trenbidea: trenbide ondoko eta errail arteko lurrak, 67,5 MWko edukierarekin.
- Urtegiak eta kanalak: instalazio flotatzaileak Uribarri Ganboan, Urrunagan eta beste batzuetan, 173 MW-rekin.
- Zabortegiak eta hondakindegiak: Gardelegikoa kasu, 131,25 MWrekin.
- Industrialdeak eta hutsik dauden orubeak: 366 hektarea baino gehiago eta 306 MW-eko potentziala.
Dokumentuak kritikatzen du Eusko Jaurlaritzaren Energia Berriztagarrien Lurraldearen Arloko Plana (LAP) edo Araba Erdialdeko LPP bezalako plangintza tresnek potentzial hori alde batera utzi izana eta, horren ordez, lurzoru urbanizaezinetan — nekazaritzan eta basogintzan — makroproiektuak instalatzea lehenetsi izana, askotan "espekulazio proiektu pribatuen" bidez.
Eredu horren aurrean, inbentarioak hau proposatzen du:
- Autokontsumoaren eta tokiko energia komunitateen alde egitea.
- Araudia egokitzea jabari publikoa erabili ahal izateko (hala nola errepideetako eraikuntza mugako lerroa).
- Ekoizpena eta banaketa kudeatuko dituen energiaren euskal enpresa publiko bat sortzea.
- Dagoeneko planifikatuta dauden makroproiektuak geldiaraztea, dagoeneko antropizatuta dagoen lurzoruan alternatiba guztiak barne hartuko dituen ebaluazio integral bat egin arte.
Horrela Ez Badaiotz taldearen ikerlanak ondorioztatzen duenez, plangintza publiko eta garden batekin, posible izango litzateke energia berriztagarrien helburuak lortzea "nekazaritza lurrak, elikadura subiranotasuna edo paisaia sakrifikatu gabe", eta, aldi berean, kudeaketa energetikoaren eredu "deszentralizatu eta demokratikoa" sustatu.