Artolazabalen aurkako paskinak salatu dituzte talde politikoek

Juanma Gallego 2025eko irailaren 11

Artolazabalen etxe aurrean agertu dira paskinak. Argazkia: BEATRIZ ARTOLAZABAL

"Faxista" deitzen dioten paskinak ageri dira haren etxearen aurrean. Zinegotziak nekazari baten aurkako pintaketak salatu ditu ere.

Gasteizko Udaleko PSE, PNV, PP eta Elkarrekin Talde politikoek "gaitzetsi eta arbuiatu" dituzte lorategietako kontrataren lan protestarekin lotuta Beatriz Artolazabal alkateordearen aurka haren etxe aurrean zabaldutako paskinak. Horietan EAJko zinegotziaren aurpegia ageri da, Hitlerri lotu ohi zaion bibote txikiarekin batera, eta kargu politikoari "faxista" deitzen. Atzeko aldean, "Lorezainak borrokan" esaldiarekin batera zenbait kaputxadunek Artolazabal irudikatzen zuen panpina erre zuteneko irudia agertzen da.

Talde politikoek greba egiteko eskubidea "funtsezkotzat" jo dute, baina lan aldarrikapenak "ordezkari publikoen ospe ona galaraztearekin, difamatzearekin eta seinalatzearekin" bateraezinak direla adierazi dute. Hortaz, "gogor gaitzetsi" dute alkateordeak izandako erasoa, eta "babes eta elkartasun osoa" adierazi diote. 

EH Bilduk, berriz, adierazpen propio batean "elkartasuna" adierazi dio alkateordeari, eta udalbatzako kideen aurkako "ekintza horiek amaitzeko" eskatu du. Modu berean, "prest" agertu da "gatazka enkistatu bati irtenbide justu bat bilatzen laguntzeko".

Artolazabalek berak sare sozialetan beste argazki bat zabaldu du, "Lorezainak borrokan", "Ni un ataque al derecho de huelga" eta "Eskiroles" dioten pintaketa batzuekin. Dioenez, atzoko lanekin "zerikusia izan ez duen" nekazari baten kontrako jazarpena izan da.

Nekazari baten aurkako pintaketak salatu ditu alkateordeak. Argazkia: BEATRIZ ARTOLAZABAL

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago