efemerideak

Odon Apraiz, eltze askotako burruntzalia

Erredakzioa 2025eko irailaren 12a

Odon Apraiz euskal idazle, irakasle eta ikerlaria, 1980an. EIBAR.ORG

Internazionalaren euskarazko lehen bertsioa egin zuen Odon Apraizek, eta "ezkertiarra" eta "separatista" izateagatik, 1939an, espetxeratu egin zuten Tenerifen. Euskaltzale erreferentea hil zeneko 41 urte dira.

"Muturreko ezkertiarrak" eta "separatista amorratuak" izatea milaka euskal herritarren kontra sarritan erabili ohi diren akusazioak izan dira, nolabait pertsona horien arrazoiak eta argudioak gutxiesteko eta baztertzeko. Mantra horri heldu dion azkena, jakina denez, Israel Premier Tech txirrindulari taldearen jabe Sylvan Adams izan da. Baina historian ez da bakarra izan.

Frankismoan kasu, argudio berdina erabili  zuten orduko agintariek milaka herritar zigortzeko, espetxeratzeko eta erailtzeko. Odon Apraiz Gasteizko euskaltzale erreferentea akusazio horiengatik hain zuzen, espetxeratu zuten. Tenerifeko La Laguna Institutu Nazionalean Geografia eta Historiako katedraduna zenean izan zen, 1939an.

Apraizen kontra orduko gobernu frankistak sinaturiko kargu orriak delitu bakarra aipatzen zuen: "Euskal separatisten ideala maila gorenean praktikatzea, erakutsi ahal izan dituen ekintza guztietan bere ideologia nabarmenduz; eta joera ezkertiarrekin bat eginez Espainiako Aberriaren batasuna traizionatu, suntsitu eta kanpotarrari entregatu zion Fronte Popularra delakoaren idearioari eusten laguntzea". Bi hilabete eman zituen Tenerifeko Santa Cruzeko espetxean gasteiztarrak.

Oso gutxik dakiten arren, halaber, Internazional sozialistaren lehen bertsioa euskaraz idatzi zuen idazlea da Apraiz. 1932ko maiatzaren 1ean ANVren Eusko Lurrak aldizkarian agertu zen bertsio hura. Gero kontatzen zuenez, jatorrizko letra jakin gabe, musikari jarraiki idatzi zuen. Hona hemen:

Inun be'ez txiro'ta aberatsik
piper potia birrindu
jopuak beharrez buitza'uta
ogia geurenduko'gu
Gizon oro askatu 
baita aberri danak 
zuzentzea, bakea, 
behera izkiludunak. 
Gizon oro askatu 
baita aberri danak, 
didartu daigun batera 
lur-anaitasuna.

Euskararen hauspoa

Bere ibilbide politikoaz harago, euskararekin erakutsi zuen engaiamenduagatik erreferentea da gaur Apraiz. Gasteizen jaio zen, 1896ko martxoaren 5ean, familia erdaldun batean, baina txikitatik erakutsi zuen euskararekiko zaletasun goiztiarra.

Idatzi izan da Marianistasen ikasi zuenean bertako zuzendariak errietan esan ziola: "Usted no respeta la prohibición de hablar vascuence, señor Apraiz". Gaztetxo haren errua lagunen artean Bizkaitarra eta Gipuzkoarra bezalako argitalpen abertzaleak zabaltzea zen, baina oraindik ez zekien euskaraz.

Apraizek hamaika urte zituela, Bermeora bidaia bat egin zuen, aitonaren familia hangoa zen eta, eta orduan erabaki zuen euskara ikasiko zuela. Hamalau urterekin ekin zion euskara ikasteari El euskara o bascuence en 120 lecciones liburuarekin.

Araba euskalduna

Arabaren euskal sustraiak aztertzea izan zen batez ere bere zeregina. Horretan lanik garrantzitsuena, El vascuence en Vitoria y Alava en la última centuria (1850-1950) deiturikoa da. Arabako euskararen 1850 inguruko egoeraz eta ondorengo atzerapenaz jakin zitekeena biltzeaz gain, herrialdean argitaratu diren euskal liburuen, egin diren euskarari buruzko ikerketen eta euskararen aldeko ekintzen berri eman zuen.

Euskaltzaindiak 1968an euskaltzain ohorezko izendatu zuen, eta 1976an omenaldia egin zion. Halaber, 1983an Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria eman zion, bizi guztiko haren lana gogoan harturik. Bestalde, irakasle eta euskaltzale gasteiztarraren omenez, 1985eko urriaren 25ean Gasteizen inauguratu zuten Zaramaga auzoko ikastolari bere izena jarri zioten.

88 urterekin, hil zen Odon Apraiz, Gasteizen, 1984ko irailaren 12an. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago