Baskonia saskibaloi taldeko zuzendaritzak erantzun egin die Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak asteartean egindako adierazpenei. Talde israeldarrek Euroligan jokatzearen aurka agertu zen Gonzalez, eta Gazako genozidioa gelditzeko presio neurriak eskatu zizkion nazioarteko komunitateari. Horren aurrean, Felix Fernandez Baskoniako kirol zuzendariak erantzun du Baskoniaren jarrera Euroligaren jarrera ofizialarekin bat doala, Maccabi eta Hapoel taldeen parte hartzearen inguruan.
"Mundu mailan erabaki bat hartu zen talde errusiarrei buruz, eta ez dute parte hartzen. Israelgo taldeekin ez da gauza bera gertatu", adierazi du Fernandezek. Baskoniaren jarrera da, beraz, talde israeldarrek parte hartzen jarraitzen dutela. "Gerra egoera eta egoera humanitarioa" ikusten dituztela adierazi du, eta kirol esparrua gainditzen dutela adierazi du. Indarkeria guztia gaitzesten dutela adierazi du, "edozein motatakoa".
Hala ere, ohartarazi du Euroligak "input askoz zuzenago bat" jaso arte jarrera hori mantenduko dutela, hau da, israeldarrek jokatu ahal izatea. Maccabi Euroligako akziodunen artean dago, Baskonia bezala, eta baita Moskuko CSK ere, nahiz eta egun debekatua daukan parte hartzea.
Etika edo kalkulu politikoak
Palestinarekin Elkartasuna plataformak ere ahotan izan du Gonzalezen astearteko hitzartzea. Haien iritziz, aldundiaren jarrerak "kalkulu politiko bati erantzuten dio, ez posizio etiko bati", eta iaz Maccabi Gasteiza etorri zenean neurririk hartu ez izana leporatu diote.
Salaketarekin batera, mobilizatzeko dei egin dute aurten ere, Maccabi eta Hapoel talde israeldarren bisiten aurka. "Ez dugu onartuko Israelen inolako aurpegi zuriketarik, ezta kirolaren bitartez ere".