Gastehiz deitzen zioten, duela mila urte, muino gaineko herrixkari. 1025. urteko agiri batean agertzen da lehen aldiz jasoa izena, Donemiliagako Goldea izeneko dokumentuan. Historialariek jarri diote izen hori, berez De Ferro de Alava du izenburua. Zerrenda luze bat da, eta bertan agertzen da Arabako zein herritan jasotzen zituen zergak Errioxako Donemiliaga Kukulako monasterioak.
Arabako 307 herri agertzen dira agirian, garaiko izenez deituak. Adibidez, Azazaheta, Harrahia, Argumaniz, Burgellu, Opaucu, Hagurahin, Urbina, Lucu, Langrares, Zavalla, Abendangu edo Armentei. Hamasei barrutitan banatuta agertzen dira herriak.
Ikerlari askok aipatu dute erabilera praktikoa zuela dokumentuak, herriak ez baitira alfabetikoki agertzen, ibilbide bat zehaztuz baizik. Izenak irakurriz irudikatu daiteke nola igarotzen zen zerga biltzailea Arabako lurretan zehar. Otazu, Huribarri edo Haberasturi inguruetatik ibili ostean, Gaztellu, Mendiolha, Hollaruizu eta Adurzaha zeharkatuta heltzen zen Gastehiz herrira, eta ondoren, Arriaga igarota, jarraitzen zuen Araban barna.
Zergak ez zituzten dirutan jasotzen, espeziean baizik, eta herri bakoitzak eskura zituen produktuak eskaintzen zituen. Gutxi batzuek ganadutan ordaintzen bazuten ere, Arabako herrien %90ek burdina ematen zuten ordain gisa, hori baitzen garai hartan lurraldeko "produktu izarra", Ismael Garcia Gomez historialariaren hitzetan. Bakoitzak zenbat burdin eman behar zuen neurtzeko, erreferentzia gisa lurra lantzeko goldea hartzen zuten. Zehazki, lurra zulatzen duen burdinazko atala, golde-nabarra, edo reja, gazteleraz. Horregatik deitzen zaio Erdi Aroko agiri honi Donemiliagako Goldea.

Bertan agertzen da herri bakoitzean zenbat goldeko pisua jaso behar zuen zerga biltzaileak. Ohikoena hiru golde ordaintzea zen zonalde honetan, eta gutxien ordaintzen zutenek golde erdia. Datu hauek ere laguntzen dute gerturatzen herri bakoitzaren tamaina eta demografiara. Garaiko beste dokumentu batzuekin alderatuta ondorioztatu dute ordaindutako golde bakoitzeko hamar familia inguru biziko zirela herrian. Beraz, esan daiteke 1025. urtearen bueltan Gastehizen 30 bat familia biziko zirela. "Gutxi gorabehera, oso gutxi gorabehera", ohartarazi du Garciak, ezin baita ziur jakin, nahiz eta hainbat argitalpenek aipatu izan duten kopuru hori, "familiako batez beste bost pertsona hartuta, 150 bat biztanle zituen Gastehizek".
Araba, burdin herria
Dokumentu garrantzitsua da Donemiliagako Goldea, maila askotan gainera. Arabako toponimia eta euskarari buruzko agiri zaharrenetakoa da, baina, horrez gain, testigantza hauek erakusten digute burdin ekoizpenak pisu nabarmena zuela Araban, Lautadan batez ere. Donemiliagako monasterioak leku askotan jasotzen zituen zergak, Errioxan, Burgosen, Gipuzkoan... eta eskualde bakoitzeko berezitasunak biltzen zituzten. "Araba XI. mendean burdin ekoizle izateagatik nabarmendu zen", Garciak dioenez.
Gerora burdingintzari lotutako lurrak izan badira ere, garai hartan Gipuzkoa eta Bizkaian ez omen zen burdinarik ekoizten. Bazegoen burdina lurrean, Arabakoa baino gehiago eta hobea, baina Arabakoak berezitasun bat zuen, lurrazaletik oso gertu agertzen zela, ia zulatu beharrik gabe, Erdi Aroko biztanleentzako pagotxa. Horregatik zen Araba burdin ekoizle nagusia garai hartan.
Gastehiz Malizhaeza izeneko barrutian sartua dago Donemiliagako Goldean. Barrutiaren izena ez da gaurdaino heldu, mendeetan zehar galdu da, nahiz Gasteizko kale batek izen hori daraman egun. Barruti horretan bilduta daude Abendaño, Armentia, Ali, Berrostegieta, Lasarte, Gaztelu, Mendiola... leku ezagun ugari, eta baita gaur egunera heldu ez diren beste hainbat herri ere. Malizhaeza barrutiko herriak aberatsenak zirela dio Garciak, "edo gehien ordaintzen zutenak behintzat", ia denek ordaintzen zituztelako hiru golde.

Dokumentuaren ibilbidea
Donemiliagako Goldeaz hitz egiten dugu, baina ez da dokumentu bakar bat bere horretan. Hasteko, dokumentu originala galdu egin zen, eta kopia bat da gugana heldu dena. Becerro Galicano liburukote handiaren barruan dago. Garai hartako dokumentu ugari biltzen ditu honek, eta barruan agertzen dira aipatutako hiruzpalau orriak, De Ferro de Alava izenburupean.
Egun, ikerlariek uste dute ez zela inoiz existitu dokumentu originala. Aldiz, hainbat zerrendaren bilduma dela, denboran zehar biltzen joandakoa. Noski, behin XI. mendean kopia egin zutenean joera egon da pentsatzeko bazela dokumentu original bat, baina collage moduko bat izango zen ziur aski, Garciak dioenez. Data zehatza ere ezbaian egon da urte askoan, nahiz eta egun adostasun zabala dagoen 1025. urtekoa dela esateko.
Data zehazteko informazioa ez dator Becerro Galicanotik, honek ez baitu datarik aipatzen. Jatorrizko dokumentuaren kopia bat baino gehiago egin ziren, dirudienez. Becerro Galicanoaren kopia ezaguna, eta baita bigarren kopia bat ere, behintzat. Bigarren hau azken mendeetan galdu egin da, baina gauza ziurra da XVIII. mendeko eskribau batengana heldu zela, hark ikusi baitzuen dokumentuan idatzita zegoen data, eta bere kopian islatu zuen: "Era 1063". "Era" horrek hispaniar aroaren egutegiari egiten dio erreferentzia, ez egun erabiltzen dugun Anno Domini egutegiari. Horregatik, 38 urte kendu behar zaizkio egungora egokitzeko. Emaitza ezaguna da, 1025, eta jada onartua dago data ikerlarien artean.
"Gastehizen, gutxi gorabehera, 150 pertsona biziko ziren 1025. urtean"
Ismael Garcia Gomez
Eta zergatik ordaintzen zituzten zergak Donemiliagan? Garcia historialariaren hitzetan, zerua ordaintzearekin dago lotua. Garaiko herrixkak, normalean, nobleziako familiaren baten jabetzakoak izaten ziren, eta familia hauek herri asko izaten zituzten maiz, baita lurralde osoak ere. Ohikoa omen zen, heriotza hurbil ikusten zutenean, monasterioren bati dohaintza bat egitea, haien alde otoitz egin zezaten. Baina dohaintza ahaztu ez zedin, eta betirako segi zezaten haien arimagatik otoitz egiten, monasterioari ematen zizkioten herriak sortutako ondasunen errentak.
Garaiko monasterio garrantzitsu guztiak Errioxan zeuden, "Euskadin ez zegoen bat bera ere", dio Garciak. Ondorioz, Euskal Herriaren Erdi Aroko historia berreraiki nahian dabiltzanek Errioxara jo behar izaten dute dokumentu bila. Mendeetan zehar egindako dohaintza guztiak jasota daude, beste hainbat gauzarekin batera, Becerro Galicano eta antzeko liburuetan. "Herrien izenak, pertsonen izenak; familien genealogiak eraiki ditzakezu, jakin dezakezu zein lurren jabe ziren, zein materia lantzen zituzten...".
Gastehiztarren bizitza
1181. urtean sortu zuen Vitoria Antso VI.a Jakitunak, Nafarroako erregeak. Forua emateko dokumentuan bertan aipatzen du "Gastehiz deitzen dioten herriaren gainean" sortzen duela Vitoria. Horri esker dakigu egungo Gasteiz dela Donemiliagako Goldean agertzen dena, bestela pentsa zitekeen bidean hildako herriren bat izango zela Gastehiz. Arriaga, Hagurahin edo Urbinak, adibidez, mantendu dute izena, baina Gasteizi 800 bat urtez Vitoria deitu izan zaionez, ez zegoen beste erreferentziarik.
1025. urteko Gastehizko bizitza "nahiko ondo" ezagutzen dute historialariek, Garciaren esanetan, Santa Maria katedraleko indusketei esker, batez ere. Indusketak egin arte uste omen zen Antso VI.aren foruak eman ziola pisua Gastehizi, eta ordura arte herrixka pobre bat zela, garrantzia berezirik gabea, inguruko herrixkak bezalakoa. Baina indusketek erakutsi zuten ezetz, Gastehiz jada leku garrantzitsua zela, eta "ziur aski horregatik eman nahi izan ziola forua erregeak".

Katedralaren indusketa arkeologikoetan egindako aurkikuntza garrantzitsuenetakoa sutegi bat izan zen, burdina lantzeko labea, fragua bat. Gastehizen jatorri "sasi-industriala" kontatzen du sutegi horrek, Garciak dioenez. VIII. mendekoa da gainera, Goldea baino askoz zaharragoa.
Oso zaharra da Gastehiz. VIII. mendean jada bazeuden etxola batzuk muinoan, eta jendea etengabe bizi zen bertan. Etxolak material galkorrekin egindakoak ziren, buztina eta lastoarekin gehienbat, eta egurra erabiltzen zuten eraikinen egiturak egiteko. Indusketetan ere topatu zituzten harrizko zokalo batzuk, eta ondorioztatu zuten eraikinak ez zihoazela zuzenean lurrera, harrizko oinarri horietara baizik.
Beste ezaugarri garrantzitsu bat ere aurkitu zuten indusketetan. Donemiliagako Goldearen garaian harrizko kale bat gutxienez bazuen Gastehizek, egun Eskola kalea dena, katedralaren ondoan. "Aberastasun erakusle argia" zen harrizko kale bat izatea, Garciak dioenez. Ez omen zen galtzada erromatarrak bezain ona teknologia aldetik, baina bai nabarmentzeko modukoa, inguruko herrixken aldean batez ere.
"Garaiko Arabako euskara ezagutzeko ezinbestekoa da dokumentu hau"
Blanca Urgell
Ermita primitibo bat ere topatu dute arkeologoek, gaur egun San Vicente eliza dagoen lekuan bertan. "Garaiko gastehiztarrak bertara joaten ziren errezatzera Donemiliagako Goldearen garaian". 1025. urtean ez zegoen harresirik oraindik, baina Antso Jakintsuak Vitoria sortu zuenerako bazegoen harresitua. Karbono 14aren frogek erakutsi dute Donemiliagako Goldea idatzi eta hamarkada batzuetara eraiki zirela lehen harresiak. 1181ean forua jaso zuenerako harrizko pareta handi batek inguratzen zuen Gastehiz, "ez zen edozein herrixka".
Historialariek badakite etxola primitibo horietan bizi zirenek ez zutela lurra soilik lantzen, artisautza ere bazegoela, ez zena batere ohikoa garai hartan. Hori omen zen Gastehiz inguruko herrietatik bereizten zuena, burdinaren ekoizpena eta merkataritza. Erdi Aroko gizartean hiru klase sozial egon ohi ziren. Nobleak, erlijiosoak eta nekazariak. Gizartearen hiru hanka horiek egongo ziren Arabako edozein herritan. Baina hor ere bereizten zen Gastehiz inguruko herrietatik. Burdina lantzen duen artisauak sutegian ematen du eguna, eta ez du denbora askorik izango lurra landu eta janaria ere ekoizteko. Beraz, artisauak bizi zirela jakiteak erakusten digu Gastehizko ekonomia konplexuagoa zela, nekazarien uztak elikatzen zituelako artisauak, ez zen autokontsumo hutsa.
Gastehizek zuen oparotasunagatik ziur aski, eta gerora erregearen foruari esker jauntxoei zergarik ordaindu behar ez zitzaienez, inguruko herritarrak erakartzen joan zen Gastehiz mendeetan zehar. Batzuk guztiz hustu ziren, Olarizu, esaterako. Beste batzuk, Adurtzari XIII. mendean gertatu bezala, Gastehizko lur izatera igaro ziren.
Antzinako euskararen erakusle
"Ez daukagu garai hartako euskararen batere berririk", dio Blanca Urgell hizkuntzalariak, eta "ezinbestekoa" dela Donemiliagako Goldea, ezagutzeko nolakoa zen garaiko Arabako euskara. Bertan daude jasota Arabako herri izenen lehenengo testigantzak, eta ikus daiteke izen gehienak euskaratik datozela, edo euskaldunek moldatu zituztela latinetik edo erromantzetik hartutako izenak.
Ezaugarri nabarmenena da H-a ahoskatzen zela; hasperenarekin esaten zituzten Arabako hainbat herriren izenak. Gerta zitekeen h idatzi bai baina ez ahoskatzea, Hegoaldeko euskara batuan gertatzen den bezala, baina hasperena ahoskatzen zela ondorioztatu dute, Julen Manterola hizkuntzalariaren esanetan. Batetik, erabilera sistematikoa delako, beti leku berean agertzen direlako. Eta gainera etimologikoki espero duten lekuetan agertzen delako h hizkia, euskararen historian eta egun leku batzuetan erabiltzen den toki berean.
Gastehiz hitzaren jatorria, baina, ez dago argi. Gaste edo Gasten izena zuen pertsona bat izan daiteke jatorria, gerora -iz atzizkia hartu zuena jabetza edo lekua adierazteko. "Gazte" hori Gartze edo Gartzen izenetik ote datorren ere aipatu izan da, baina ez da froga handirik aurkitu oraindik.
Harritzekoa da nola aldatu diren horren gutxi Arabako herrien izenak. Gastehiz izenak ez du bilakaera etimologiko naturalik izan, XII. mendetik aurrera ez zelako apenas erabili, baina gainerako herriek duela mila urteko itxura bera dute, ia aldaketarik gabe. Urgellek dio herrien izenak askotan "fosilduak" bezala gelditzen direla, eta egonkorrak izan ohi direla. Toponimia txikia ez bezala: "Ortuen, kaleen, erreken eta halakoen izenak aldakorragoak dira. Agian sagasti deitzen zioten zelai horri, baina sagarrondoak moztu eta gero, mendeetan zehar...".
Manterolak gogora ekarri du nola Koldo Mitxelenak esaten zuen, Donemiliagako Goldeaz, ziur aski ez dagoela Erdi Aroko dokumenturik non euskarazko izenek hain itxura arkaikoa duten. H-z beteta, bai, baina Donemiliagako Goldeko izen gehienak ezagutu daitezke gaur egun ere. Zerrenda hartu eta mila urteren ostean ibilbide berbera egiteko moduan, herriz herri.