Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolak inoiz baino matrikulazio gehiagorekin eman dio hasiera ikasturteari. Eskolak berak ezagutzera eman duenez, astelehen honetan hasi den ikasturtean 1.200 matrikulazio baino gehiago izan dituzte, eta diziplina gehienetan itxaron zerrendak daude. Batez ere zeramika, buztingintza, pintura eta zuraren alorrekoetan.
Eskolak dio 250. urteurrena beti berri duen honetan lantegi berriei ekin dietela eskaintza osatzeko, hala nola ehun-artea, manga edo sormen marrazketa. 14 eta 15 urte bitarteko gaztetxoentzat ere arte errebeldea eskainiko dute. Argazkigintzan eta grabatuan, berriz, toki kopurua handitu dute aurten. Eskulturan eta arte gaztean, ordea, oraindik plaza libre batzuk geratzen direla ezagutzera eman dute. Horiek izen emate berrien hurrenkeran esleituko dituzte.
Bestetik, eskolak iragarri du Adolfo Canillas —Adolfo Vargas Blancoren ezizena— artista gasteiztarraren Poetika bisualak erakusketa inauguratuko duela ostegunean; eskolaren behe-solairuko korridoreetan ikusi ahalko da hori. Filologia erromanikoan lizentziaduna da, gaztelaniako eta literaturako irakasle ohia, KRELIA taldeko kidea eta, batez ere, poesian eta antzerkian aritu izan da sortze lanetan. Egileak dio haren "sorkuntza poetiko bisualean zeharreko ibilbide bat eskaini" nahi izan duela erakusketarekin, "baita poesia bisualaren kontzeptu eta prozedura gustukoenak erakutsi ere". Urriaren 17ra bitartean egongo da ikusgai.