Gasteizko AEKk eta Armentia Ikastolak elkarlanean antolatutako proiektu baten berri eman dute, "euskararen normalizazioan urratsak ematen jarraitzeko". Zabalgana eta inguruko gurasoei euskara klaseak eskainiko dizkiete ikasturte honetan. "Agerikoa da zailtasunak ditugula guraso etorri berriak euskarara erakartzeko", adierazi du AEKko Josu Ramosek.
Armentia Ikastolaren misioa da "hainbat jatorritako familiak euskalduntzea", eta horretarako gurasoak eta bestelako erreferenteak euskaldunak izateari garrantzia berezia eman diote. Gasteizi ekarpena egitea dute helburu, eta horregatik zabalik egongo da ekimena Gasteizko jatorri anitzeko familia guztiei.
Zabalganako auzo elkartean eskainiko dituzte euskara klaseak, astearte eta ostegunetan, bina orduz egun bakoitzean. "Prezio berezian" jaso ahal izango dituzte klaseak, bi elkarteek aurreratu dutenez. Ikastolak duen harreman sarea baliatuko dute gurasoei informazioa helarazteko.
Bestalde, hiztun komunitate ezberdinen artean zubiak eraikitzeko eta hizkuntza ohituretan eragiteko asmoz, urte osoan zehar gonbidatuko dituzte Armentiak antolatzen dituen euskararen aldeko ekintzetara gerturatzera, Euskararen eguna edo Korrikara, esaterako. Eskolak jasotzeaz gain, auzoan "modu praktikoan" inplikatzea bilatuko dute, euskarara erakartzeko.
Urritik ekainera izango dira klaseak, eta lehen aldia izango da AEKk Zabalganan euskara klaseak eskaintzen dituena, auzoak zuen hutsune bati erantzunez.