Astelehen honetan hasi dituzte Gasteizko San Migel dorreko erlojua zaharberritzeko lanak, eta geldi egongo da erlojua lanak bukatu artean. Hiru hilabetez egunean bitan besterik ez du ondo emango ordua, barruko piezak eta mekanismoa desmuntatu beharko baitituzte.
Erlojuaren higadura egoerari erreparatuta hartu du erabakia udalak, "narriadura itzulezina" jasateko arriskua zuela ebatzita. Jon Armentia Ogasun zinegotziak goraipatu egin du erloju honek hiriko historian eta ondarean duen garrantzia.
Gasteizko Relojeria Miriam - Hermanos Suescun enpresa arduratuko da zaharberritze lanetaz, 30.250 euroren truke. Kalitate handiagoko materialekin engranaje berriak fabrikatuko dituzte, XIX. mendeko zizelkatze teknikak erabilita, eta duela gutxi berreskuratutako pieza original batzuk ere erabiliko dituzte. Erlojuaren jatorrizko dekorazioa ere berreskuratzeko asmoa erakutsi dute.

1857. urtekoa da erlojua, Tomas de Miguelek egin zuena Madrilen. Azken konponketa lanak 2000. urtean egin ziren, makineria zikin, herdoilduta eta higatuta zegoelako.