Bidaia magikoa, Udal Musika Bandaren eskutik

Erredakzioa 2025eko irailaren 8a

denboraldi honetan, Johan de Meij izango da konpositore egoiliarra. Argazkia: Gasteizko Udala

Ian Bousfieldekin emango diote hasiera asteazken honetan; Europa jauregian, 19:30ean.

Proposamen "magiko" batekin emango dio hasiera denboraldi berriari Gasteizko Udal Musika Bandak. Asteazken honetan hasiko du abonamendu denboraldia Loaren atalasea obrarekin. "Entzuleak unibertso oniriko batean murgilduko ditu. Bertan, magia, espiritualtasuna eta irudimena nota bakoitzean elkartuko dira", azaldu du Luis Orduña zuzendariak.

Ian Bousfield tronboi-jotzaileak hartuko du parte emanaldian, gaur egungo musikagintzan eragin handiena duen instrumentistetako bat. Bousfieldek 40 urte baino gehiagoko ibilbide profesionala du eta Vienako Orkestra Filarmonikoako eta Londreseko Orkestra Sinfonikoko tronboi nagusia izan da. Johan de Meij-en T-Bone Concerto ospetsua interpretatuko du: lirismoa, birtuosismoa eta umorea bateratzen dituen lana.

"Musika emanaldi bikaina dugu zain; hain zuzen ere, aparteko gonbidatua, Ian Bousfield, izango dugu eta gure bandaren denboraldiaren irekiera ekarriko du. Izan ere, uda osoan banda gelditu ez bada ere, asteazkenetako hitzordu hauetan berriro entzuteko irrikan gaude. Ziur nago, denboraldi bakoitzean bezala, harritu egingo gaituela kalitate eta originaltasun handiko proposamenekin", nabarmendu du zinegotziak.

Abonamenduak agortuta daudenez, Bandaren kontzertuetarako sarrera solteak turismo bulegoan, telefonoz edo Udalaren webgunearen bidez eros daitezke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago