Gasteizko euskalgintzako eragileek deituta, larunbateko Gasteiz Euskararen Hiria ekimenaren baitan arratsaldeko seietan egingo duten kalejira herrikoia "euskararen aldeko festa, aldarria eta elkartasuna" uztartuko dituen ekitaldia izango dela aurreratu dute ekimenaren antolatzaileek.
Gaur goizean Gasteizen egindako prentsa agerraldi batean, GEU elkartea, Gasteizko AEK, Gasteizko IKA, Hegoalde euskaltegia, ALEA, Lazarraga eta Bai Euskarari elkarteetako ordezkariek adierazi dute ekimenaz baliatuko direla "euskarari dagokion tokia aldarrikatzeko" eta eragileen lanari "balioa emateko".
Euskararen biziberritzea "egun bakarreko kontua" ez dela argi utzi nahi izan du Gasteizko euskalgintzako eragileen izenean AEK euskaltegiko Josu Ramosek. "Egunerokoan ari gara lan nekeza eginez, eta hala jarraitu behar dugu etorkizunean ere. Horretarako ezinbestekoak dira baliabideak, babesa eta herritarren konpromisoa".
Euskara kalean eta bizirik: denon ardura, denon indarra lelopean deitutako kalejiran mahai gainera ekarriko dute Gasteiz herri euskalduna izan dela historian zehar, eta gaur egun "gero eta gehiago" direla "hiri euskaldun batean bizi" nahi duten herritarrak.
Atzera begira jarrita, Uxue Alonso GEU elkarteko koordinatzaileak goraipatu du hamarkadetan zehar egindako lana, baina ohartarazi du "oraindik asko" dagoela egiteko. Zeregin horretan dauden eragileek ordea, "askotan baliabide gutxirekin" eta "egoera prekarizatu batean eta babes nahikorik gabe" jardun behar izaten dutelako kexu mintzo da. Norabide horretan, behar horiek plazaratu eta "euskarak merezitako tokia aldarrikatzeko" herritarren babesa "ezinbestekotzat" jo du.
Ramosek aurreratu du larunbatean "euskara erdigunean" jarriko dutela. "Besteak beste, familientzako zein haurrentzako emanaldiak, herri kirolak, kirol emanaldiak, bakarrizketak, zunba herrikoia, dragshow-a eta gaueko eskaintza berezia" nabarmendu ditu egitarautik, eta ekimenean parte hartzeko deia egin die gasteiztarrei.