Gardelegiko pabiloitik amiantoa kentzeari ekingo diote

Juanma Gallego 2025eko irailaren 8a

Pabiloi nagusiaren estalkiak 330 metro koadro inguru hartzen ditu. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Fibrozementuzko estalkia guztiz ordezkatuko dute panel isolatzaile berriekin, "segurtasun protokolo zorrotzak" jarraituz.

Gasteizko Udalak Gardelegiko zabortegiko pabiloi handian dagoen fibrozementuzko estalkia kendu eta ordezkatzeko prozesua abiarazi du. Gaur argitara emandako lizitazio agiri batean ezagutzera eman dutenez, teilatuan dagoen material horrek amiantoa dauka, eta Europako araudiak ezarritako irizpideekin bat, lehentasuna eman diote amiantoaren erabateko kentzeari beste edozein manipulazio motaren gainetik.

Lanek 330 metro koadro inguruko estalkia barne hartuko dute, eta hura guztiz ordezkatuko da panel isolatzaile mota berriekin. Behin amiantoa kenduta, hondakinak "modu kontrolatuan bildu, kapsulatu eta baimendutako kudeatzaile baten bidez" tratatuko direla iragarri dute.

Obra esleitzen den enpresak Amiantoarekiko Arriskua duten Enpresen Erregistroan (RERA) izena emanda egon beharko du, eta Lan Ikuskaritzaren aurrean lan plana aurkeztu. Era berean, segurtasun neurriak ezarri beharko dituzte: estalkia eskuz eta elementuak oso-osorik mantenduz kendu beharko dute, tresna mekaniko azkarrak debekatuta. Gainera, sare homologatuak, babes perimetralak eta langileentzako ekipamendu bereziak erabili beharko dira.

Bestetik, lanek ingurumen baimena ere beharko dute, eraikina Zapardiel errekaren gainean kokatuta dagoelako. Horretarako, URA agentziaren baimena eskatu beharko da obrak hasi aurretik. Amaitutakoan, airean amianto zuntzen presentzia neurtuko dute, kutsadura arrastorik ez dagoela ziurtatu aldera. Aurrekontu osoaren zenbatekoa ia 80.000 euro ingurukoa izango dela aurreikusi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago