Gastehiz herritik euskararen hirira lelopean hilaren 13an egingo duten Gasteiz Euskararen Hiria ekimenaren bigarren edizioarekin euskarara hirigunera eraman nahi dute, gaur proiektuaren sustatzaileek ezagutzera eman dutenez.
Maria Nanclares Euskara zinegotziak, EH Bilduko zinegotzi Maider Uriartek eta GEU elkarteko koordinatzaile Uxue Alonsok larunbatean izango den programazioaren aurkezpena egin dute gaur.
Nanclaresek nabarmendu du iazko "arrakastaren ondoren" aurten ordutegia zabaldu nahi izan dutela "pertsona guztiek, euskara maila edozein dela ere, jardueretan parte hartu eta gozatzeko aukera izan dezaten". Zinegotziak esan du ekimena euskara eta haren normalizazioan "egunez egun laguntzen duten kolektiboak balioan jartzeko helburuarekin" jaio zela, eta gogora ekarri du aurtengoan Donemiliagako Goldean egindako lehen aipamenari "keinu historikoa" egin nahi izan diotela.
EH Bilduko zinegotzi Maider Uriartek, berriz, azpimarratu du euskara hirigunera eraman nahi dutela, "bai modu metaforikoan baita praktikoan ere, denona eginez". Dioenez, euskara "sustatzen, indartzen eta babesten" duten pertsona guztiei "eskerrak emateko eguna" izango dela.
Andre Maria Zuriaren plazan eta Plaza Berrian izango diren jarduerak 11:00etan hasiko dira, eta gaueko ordu txikietara luzatuko da.
