Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ostiral arratsaldean, 16:30 aldera, herritar talde batek emakume bat negarrez entzun zuen parkean, eta ikusi gizonezko bat zegoela haren gainean etzanda. Abisua eman eta ertzaintzak bertaratu zirenean, biktima eurengana joan zen. Orduan, gerritik behera biluzik zegoen gizonezko bat atzeman zuten.
Segurtasun sailak azaldu duenez, bortxaketaren biktimak ertzainei adierazi zien bikotekide ohiarekin geratu zela gauza batzuk emateko, eta Arriaga parkean zeudela, gizonezkoak atxiki, immobilizatu eta harreman sexualak izatera behartu zuela.
Gizonezkoa atxilo hartu zuten ertzainek, sexu askatasunaren kontrako delitu bat egitea egotzita, eta larunbatean bertan igaro zen epailearen aurretik. Epaileak gizona espetxeratzeko agindu zuen.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.