Aldundiak "ezjakintasuna" leporatu dio Etxebarriari

Erredakzioa 2025eko irailaren 5a

Alkateak gaur goizean eman ditu datozen asteotarako planen berri. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Gasteizko alkateak gaur esan du erreferentziazko prezio-indizeen zain dagoela hiria tentsio handiko eremu izendatzeko; aldundiak, berriz, "seriotasun" falta egotzi dio, eta duela sei hilabetetik eskuragarri daudela ziurtatu du: "Eustati dagokio".

Gasteizko alkate Maider Etxebarriak hiria tentsio handiko bizitegi eremu izendatzeko mugatzeko prozesua baldintzatuta ikusi du Arabako Foru Aldundiak argitaratu behar dituen erreferentziazko prezio indizeak gabe. Bere esanetan, udal gobernuak ezin du aurrera egin datu horiek esku artean ez baditu.

Etxebarriak gaur azaldu duenez, indize horien argitalpena "ezinbestekoa" da datorren astean oposizioko taldeekin hasiko diren negoziazioetarako. 2026ko ordenantza fiskalak prestatzeaz gain, udalaren etxebizitza politikak ere bermatzeko beharrezkoak ikusten ditu. "Indize horiek gabe, batez ere gazteenentzat batere itxaropentsua ez den egoeran zain jarraitu beharko genuke", ohartarazi du.

Aldundiak, ordea, harriduraz hartu ditu alkatearen adierazpenak. Foru erakundeak ohar batean gogorarazi du "dagoeneko bete" dituela bere eginbeharrak: otsailetik eskuragarri omen dago beharrezko informazio fiskala, eta uztailaren erdialdean Eustati bidali zion erreferentziazko prezio-indizea kalkulatzeko. Ogasun Sailak azpimarratu du ardura Eustati dagokiola, ez aldundiari, eta kritikatu du udalak "nahasmena" sortu izana gai honetan.

"Herritarrek zorroztasuna, koordinazioa eta seriotasuna espero dute ordezkariengandik, ez nahastea, ezta ezjakintasuna erakusten duten adierazpenak ere", aipatu du aldundiaren Ogasun sailetik bidalitako oharrak, adierazpen horiei izen jakin bat jarri gabe.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago