Euskara ikasteko 820 plaza eskainiko ditu Gasteizko Udalak

Erredakzioa 2025eko irailaren 5a

Iñaki Gurtubai, Maria Nanclares eta Rakel Larrazabal, ikastaroen aurkezpenean. Argazkia: Gasteizko Udala

Prestakuntza euskaltegiek emango dute gizarte etxeetan, Bizan sarean eta hiriko ikastetxe batzuetan.

Gasteizko Udalak, Aldundiaren laguntzarekin, euskara ikasteko 820 plaza eskainiko dizkie gurasoei, 55 urtez gorakoei, atzerritarrei eta merkataritzako eta ostalaritzako langileei. Eskolak euskaltegiek emango dituzte gizarte etxeetan, Bizan sarean eta hiriko zenbait ikastetxetan.

Ikasle berriak hilaren 8tik 17ra bitartean matrikulatu ahal izango dira herritarrei laguntzeko bulegoetan. Hala jakinarazi dute Izaskun Arrue Kulturgunean egindako prentsaurrekoan, Euskara arnasgune bihurtu lelopean. "Nabarmena da azken 40 urteotan Gasteizen euskararen ikaskuntzari dagokionez izan den bilakaera. Udalaren Euskara Zerbitzuak normalizazioaren alde egiten jarraitzen du, eta ikastaro hauek antolatzen ditugu euskara gure herritarren eguneroko bizitzara hurbiltzeko eta euskara ikastea erabakitzen duten pertsonek beren lekua izan dezaten" azaldu du Maria Nanclares Euskara zinegotziak.

Lau modalitate

Aurten, aurreko ekitaldietan eskainitako lau ikastaro modalitateei eutsiko diete. Gurasoentzako ikastaroak izango dira, batetik. Familia esparruaren baitako hizkuntzarekin lotutako alderdi praktikoak ikasiko dituzte eta, gainera, haien seme-alaben eskolako ikasketa indartu ahal izango dute. HABEk homologatutako 170 orduko ikastaroak izango dira eta gizarte etxeetan eskainiko dira. 156,60 eurokoa da ikasturte osoko matrikula arruntaren prezioa.

55 urtetik gorakoentzako ikastaroak izango dira, bestetik. Hizkuntza hutsetik ikasten hastea eta eguneroko bizitzan moldatu ahal izateko lehen ezagutzak barneratzea ahalbidetzen du programak. Hamahiru ikastarotik lau Bizan sareko zentroetan eskainiko dira (zehatzago esanda, hauetan: Abetxuku, San Martin, Txagorritxu eta San Prudentzio). Ikastaroaren kostua 54,40 eurokoa izango da.

Jatorri atzerritarra dutenentzako euskarazko ikastaroak ere eskainiko dituzte. Ikasleek oinarrizko hiztegia ikasiko dute. Hiru talde eskainiko dira Landatxo gizarte etxean eta Landazuri kiroldegian. Horren helburua da pertsona horiek, ikastaroa egin ostean, hasierako mailako (A1) taldeetan sartu ahal izatea. Matrikularen prezioa 10,10 eurokoa da hiruhileko bakoitzeko (60 ordu).

Merkataritzan eta ostalaritzan lan egiten dutenentzako ikastaroak. Ahoz komunikatzen eta euren establezimendurako informazio idatzia prestatzen ikasiko dute, hala nola errotuluak, eskaintzak eta oharrak, beste batzuen artean. Hasierako maila eta haien eskolatze-prozesua euskaraz egin dutenentzako beste ikastaro bat eskainiko dira. Matrikula 50,10 eurokoa izango da (60 ordu/lauhilekoa).

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago