Gutxienez mila urteko haria

Erredakzioa 2025eko irailaren 8a

Iaz aurreneko aldiz egin zuten Euskararen Hiria ekimena, arrakasta handiz. Argazkia: ALEA

Euskararen Hiria ekimena ospatuko dute hilaren 13an, Gastehiz izena dokumentu batean lehen aldiz agertu eta mila urtera. Beste behin euskararen inguruan profil askotariko pertsonak bilduko dira.

Bigarrenez Euskararen Hiria ekimena ospatuko dute kurtso berriarekin batera. Aurtengo hitzordua hilabete batez aurreratu dute, eta, iazko lehen edizioa urriaren 19an egin bazuten ere, irailak 13 dituenean hartuko du euskarak Arabako hiriburua orain.

Antolatzaileek aitzakia ezin hobea izan dute oraingoan ekimenaren bizkar-hezur izango den gaia aukeratzerakoan. Hizkuntzari berari eta hiriari lotutako gertaera historikoa: 2025. urtearekin batera mila urte betetzen direlako Gastehiz izena dokumentu batean lehen aldiz agertu zenetik; Donemiliagako Goldean, hain zuzen. 1025 inguruan latinez idatzitako agiri hori Errioxako San Millan de Susoko monasterioaren agirien artean topatu zuten, Donemiliaga Kukulan.

Iaz egin zuten modu berean, hitzorduan euskararen garrantzia eta aniztasuna aldarrikatuko dituzte, "komunitatearen eta auzolanaren" balioa azpimarratuz.

Euskara "hiriaren nortasunaren parte" dela aldarrikatu dute

Uda aurretik egin zuten bigarren hitzordu honen aurkezpena, baina orain arte ez dute ezagutarazi behin betiko egitaraua. Une horretan Maria Nanclares Euskara zinegotziak, Maider Uriarte EH Bilduko zinegotziak eta Uxue Alonso GEU Elkarteko koordinatzaileak azpimarratu zuten euskara ez dela "soilik hizkuntza bat"; aitzitik, "hiriaren nortasunaren eta bizikidetzaren parte" dela adierazi zuten.

Hala, euskararen inguruan profil askotariko pertsonak batzen direla gogora ekarri zuten, adin, jatorri eta interes ezberdinak dituztenak.

"Aniztasun hori da aurreko edizioan irudikatu nahi genuen aberastasunetako bat. Aurten ere, aniztasun horretan, komunitatean, oinarritzen da Euskararen Hiria proiektua. Ez da pertsona gutxi batzuen ekimena, baizik eta auzolana, denon artean eraikitako eta denontzat pentsatutako proiektua", esan zuten. Antolatzaileen artean daude, Bai Euskarari, AEK, IKA eta Hegoalde euskaltegiak, GEU Elkartea eta ALEA, Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin.

Egitarau zabala

Goizean hasiko da jaia, 11:00etan, familientzako Pon eta Pa zirku ikuskizunarekin. Ondoren, Badaiotz taldearekin kirol jokoak, Kimuak eta Goian elkarteekin aisialdi jarduerak, eta Arabako Bertsozale Elkartearen bertso saioa izango dira. 13:30ean, berriz, herri kirolak izango dira protagonista: Harriti emakume taldea, Arabako Harria elkartea eta aizkolariak arituko dira. Arratsaldean, musika eta ikuskizun eskaintza zabala izango da: Arrimu taldearen kontzertu akustikoa (16:00), Julen Axperen bakarrizketa (16:45), Euskalgintzaren ekitaldia (18:00), eta Zumba herrikoia (19:30).

Gauean, berriz, festa handiari ekingo diote: Andrigina & Friends drag show-a (20:30), Trikoma taldearen kontzertua (21:30), Berriztu taldearen erromeria (22:30) eta, gauerdia pasata, DJ-ek behar bezalako amaiera emango diote egun luzeari. Gainera, egun osoan zehar joaldunak, Arai konpartsa, food truck-ak eta zozketak izango dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago