Judimendiko juduen oroitarriari eraso egin diote

Erredakzioa 2025eko irailaren 5a

Komunitate juduaren omenezko monumentuan agertu dira margoketak. Argazkia: EITB

'Genozidak', 'Hamas, hil itzazu' eta 'Gora Palestina' margoketak agertu dira komunitate juduaren omenezko monumentuan. "Elkarbizitza" izeneko oroitarria Yaël Artsi-Moyal artista israeldarraren lana da.

Judimendiko parkean kokatutako eskulturari eraso egin diote asteazken honetan, Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako eta Palestinaren aldeko mezuak margotuta. Hamas, hil itzazu, Genozidak eta Gora Palestina mezuak agertu dira juduen hilerriaren gainean eraikitako oroitarrian.

Gasteizko Udalak adierazi du jada hautatu dutela enpresa bat, halako artelanen garbiketak egiteaz arduratzen dena, eta "ahalik eta azkarren" ekingo dietela lanei. Atzo hesitu egin zuten eskultura, eta hala mantenduko dute garbitu artean.

Udalak eta aldundiak gaitzetsi egin dituzte margoketak. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak adierazi du Hamas, hil itzazu bezalako margoketek "iraganeko garaiak" gogorarazten dituztela, eta zoritxarrez gorrotoa eta intolerantzia ez direla desagertu. "Ez diote palestinarren auziari mesederik egiten elkarbizitzaren aldeko monumentu bati eraso eginez defendatzen dutenek", adierazi du.

EH Bilduk ere adierazi du, bere aldetik, margoketa hauek "guztiz onartezinak" direla, eta errefusatu egiten dutela "indarkeriak gora egiteko dei oro. Era berean, Israel Gazan egiten ari den genozidioa gelditzeko eskatu dute, eta herritarrei mobilizazioetan parte hartzeko dei egin diete, zehazki aipatuz Gernika-Palestina plataformak gaur 19:00etan egingo duena plaza Berrian.

Eraso ugari oroitarriari

2004ko abenduan ezarri zen Judimendiko parkean Yaël Artsi-Moyal artista israeldarraren eskultura, "Elkarbizitza" izenekoa. Palestinako lurretatik ekarritako granitozko obra da, liburu bat irudikatzen duena, eta bertan Isaiasen liburuko pasarte bat dago idatzita hebreeraz, gazteleraz eta euskaraz.

Hainbatetan jaso ditu erasoak monumentu honek, izan Palestinaren aldekoak zein mezu arrazistekin egindako margoketak. 2022an "beltzak ez" edo "moroak ez" bezalako mezu arrazisten agerpena salatu zuen auzo elkarteak, esbastikaz eta bestelako zeinu faxistez lagunduta. Hainbeste aldiz garbitu behar izatearen ondorioz artelanaren testua irakurtezin gelditu zen, eta 2023an Gasteizko Udalak berritzea erabaki zuen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago