Ryanairrek %2 murriztuko du hegaldi kopurua Forondako aireportuan, 2.000 plaza gutxiago. Espainiako estatu osoan negurako operatibitatea %16 murrizteko estrategiaren barruan hartu du erabakia Irlandako konpainiak. Gainera, Santiago, Vigo eta Tenerife iparraldeko aireportuetan jarduteari utziko dio. Neurri hauen ondorioz, guztira milioi bat plaza baino gehiago galduko dira neguan, udako denboraldian galdutako 800.000 plazez gain.
2016an hasi zen Forondan lanean Ryanair, eta joan den uztailean sinatu zuen hitzarmena VIArekin, 2028ra arte. Gaur egun, Gasteizko aireportuan jarduten duen konpainia bakarra da, eta Alacant, Brusela, Malaga, Milan, Palma eta Sevillarako hegaldiak eskaintzen ditu. Azaroaren 1etik aurrera, ordea, beste konpainia bat hasiko da: Volotea; Madril eta Bartzelonarako hegaldiak eskainiko ditu, 4,4 milioi euroko kontratuaren lehiaketa irabazi ostean.
Aenaren aireportu tasak "gehiegizkoak" direla esan du konpainiak, eta horregatik erabaki du %41 murriztea bere edukiera penintsulako aireportuetan eta %10 Kanaria Uharteetan.