Usoei arrautzak kendu eta gezurrezkoak jarriko dizkiete

Erredakzioa 2025eko irailaren 2a

Usoen populazioa kontrolatu nahi du udalak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Hegazti hauen populazioa arrastoan sartzeko usategia eraiki nahi du Gasteizko Udalak. Metodoa eraginkorra ote den ez dakitela onartu dute. 

Hiri barruan usategi bat jartzeko eta kudeatzeko lizitazioa abiatu du Gasteizko Udalak, usoen populazioa kontrolatu eta osasun arriskuak saihestu nahian. 

Udalak aurkeztutako agiri teknikoaren arabera, proiektuaren bidez usoen "bizileku egokia" sortuko da, eta bertan egingo dute populazioaren kontrola eta osasun zaintza. Horretarako, arrautzak kentzea edo ordezkatzea aurreikusten dute, eta aurreratu dute ez dutela erabiliko pentsu antikontzeptiborik, beste hegazti espezie batzuei kalte egin diezaiekeela argudiatua. Bestetik, usategiak osasun jarraipena izango du: usoen laginak hartuko dira gaixotasun zoonotikoak goiz detektatzeko.

2021eko Gasteiz Hobetuz programan jaso zen neurri hau, eta proiektu pilotu gisa jarriko da abian. Udal teknikariek berek agirian onartu dute ez dakitela metodo hau benetan eraginkorra ote den. 

Instalazio berriak 100 uso inguru —50 bikote— hartzeko gaitasuna izango du, eta mantentze lanak astero egingo dituzte, garbiketa eta elikadura barne. Udalak urteko txostenak eskatuko dizkio enpresa adjudikaziodunari, ekimenaren eraginkortasuna ebaluatzeko.

Proiektuaren aurrekontua 42.600 euro ingurukoa da, eta hainbat fasetan gauzatuko da: lehenik kokalekuaren azterketa, ondoren instalazioa eta azkenik urtebeteko kudeaketa eta zaintza.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago