Bi lagun atxilotu dituzte indarkeria erabiltzeagatik

Erredakzioa 2025eko abuztuaren 29a

Udaltzainak kalean, artxiboko irudi batean. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Gasteizen 19 urteko emakume bat atzeman dute, bikotekidea jotzea egotzita. Bestalde, 41 urteko gizonezko batek beirazko botila batekin beste bati ebaketa sakona eragin dio.

Azken orduetan Gasteizko Udaltzaingoak bi lagun atxilotu ditu, bi gertakari desberdinetan, beste pertsonei erasoak egitea egotzita, gaur udalak ezagutzera eman duenez. 

Lehen atxiloketa Alaba Jeneralaren kalean izan da, atzoko goizeko hamarrak aldera. Une horretan 19 urteko emakume bat atxilotu dute, haren gizonezko bikotekideari lesioak eragitea egotzita. Herritar batek eman die udaltzainei erasoaren berri. Hala, agenteek bikotea banandu eta bakoitzarekin bereizita hitz egin dute. Bikotekidearen eta lekukoaren bertsioak entzun ondoren, gizonak zituen lesioak ikusita, emakumea atxilotu dute, ustezko erasotzaile gisa, etxeko indarkeriaren testuinguruan.

Gaurko ordu txikietan izan da bigarren atxiloketa. Basoa kaleko lokal batetik atera diren bi gizonezko eztabaidan hasi dira, udaltzainek ikusi ahal izan dutenez. Ika-mikak gora egin du, eta une batean 41 urteko lagunak besteari eraso egin dio, beirazko botila batekin aurpegian joz, eta ezkerreko masail hezurrean ebakidura sakona eraginez. Biktima anbulantzian ospitalera eraman dute, eta lesioaren egilea atxilotu dute.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago