Gasteizko Udalak abian jarri du udal aktak digitalizatzeko proiektu berria. Ekimenak 1867. urtetik aurrerako liburuak hartuko ditu, eta udal artxibo historikoaren "kontserbazioa eta irisgarritasuna" bermatzea du helburu.
Lizitazioaren arabera, lan teknikoak Udal Artxiboan egingo dira, eta 10.000 euroko aurrekontua izango du. Digitalizazioan bi produktu sortuko dira: TIFF formatuan konpresiorik gabeko kopia digitalak —kontserbaziorako—, eta PDF formatuan kopiak, herritarren kontsultarako eta inprimaketarako. Fitxategiak liburu bakoitzaren signaturaren arabera egituratuko dira.
Proiektuan parte hartuko duen enpresak espezializatutako eskaneatze materiala eta dokumentu baliotsuekin lan egiteko prestakuntza berezia duen langileria jarri beharko du. Udalak jarraipen batzorde baten bidez gainbegiratuko du prozesua, eta kalitate eta segurtasun kontrolak egingo dira.
Ez da lehen aldia Gasteizek bere ondare dokumentala digitalizatzen duena. Udalak jada online jarri ditu 1428-1775 eta 1812-1813 arteko aktak baita 1987tik gaur arteko akordioak ere. Azken urteotan, EHUk eta udalaren artean garatutako proiektuei esker, XV. mendeko aktak ere transkribatu eta digitalizatu dira.