Irailaren 27an izango da Elkarren marrazketa maratoia

Erredakzioa 2025eko abuztuaren 28a

Dozenaka lagun elkartu dituzte aurreko marrazketa maratoiek. Argazkia: ELKAR

San Prudentzio kaleko liburu dendak 25 urte bete ditu, eta hori ospatuko dute marrazkizaleek.

Iruñean hiru urte arrakastatsu izan ostean, Gasteizen izango da aurten Elkarren 14. sketch marrazketa maratoia. Izan ere, urte berezia da Elkar San Prudentzio liburu dendarentzat, 25 urte betetzen baititu, eta bertan ospatzea erabaki dute antolatzaileek.

Dibertsioa eta artea batzen dituen maratoi honek dozenaka lagun biltzen ditu urtero sketching edo bat-bateko marrazketa lanak egiteko. "Azken urteetako esperientziak erakutsi bezala, Euskal Herrian marrazkiarekiko izugarrizko zaletasuna dago; sketching-ak adin guztietako herritarrak, familiak, lagun taldeak biltzen ditu".

Aurtengo maratoia irailaren 27an izango da, larunbatarekin,  eta aurreko edizioetako dinamika mantenduko bada ere, aurtengoak literaturarekin lotura estua izango du. Aurten ere Moleskine etxearen laguntza izango dute marrazketa maratoia aurrera eramateko eta parte hartzaileek beraiek hornitutako koaderno eta arkatzak erabili ahal izango dituzte. Edizio honen sariak ere Moleskinen eskutik joango dira.

Laster emango ditu Elkarrek maratoiaren inguruko xehetasun guztiak sare sozialetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago