Ostiralera bitartean zazpi lagun egiten ari diren baraualdiarekin batera, hainbat mobilizazio antolatu ditu Gazarako Mugimendu Globalak. Horren baitan, asteazken arratsaldean Carrefour kateak Alava Jeneralaren kalean duen saltokiaren aurrean dozenaka lagun elkartu dira, kate horrek Israelekin duen lotura salatzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko.
"Palestinarekiko gure elkartasuna erakusteko eta Israelgo estatu genozidak behar dituen konplizeak salatzeko" helburua zuen elkarretaratzea. Carrefour katearen kontrako boikota egiteko deia zabaldu dute azken urteetan Europa osoan, kate honek "Israelgo enpresekin akordioak dituelako, eta kate horiek lurralde okupatuetan kokatzen diren kolonietan presentzia dutelako".