Gasteizko Udala gutxieneko zerbitzuak mantentzen ari da "herritarrek greba amaitu dela pentsa dezaten". Hori salatu dute lorezainek aste honetan bertan zabaldu duten bideo batean. Eusko Jaurlaritzak udalaren eskariz ezarritako gutxieneko zerbitzuak "abusuzko gutxieneko zerbitzuak" direla ere esan dute.
"Lorezaintzako greba bakar batean ere ez da ezarri gutxieneko zerbitzurik orain arte. Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak amaituta daude, baina lorategi guztiei bigarren bira ematen jarraitzen dute, herritarrek greba amaitu dela pentsa dezaten eta lorezainak lanera itzuli direla pentsa dezaten".
Bestalde, bost hilabete bete dituen gatazka honetan, enpresaren jokaera arbuiatu dute langileek. "Enpresak ez die bajak ordaintzen gutxieneko zerbitzuetan lan egiten gaixotu diren langileei. Enpresak langile bat kaleratu du grebarako eskubidea erabiltzeagatik eta gutxieneko zerbitzuen deialdira ez joateagatik. Enpresa lupaz begiratzen ari da langileen jardunari, ordutegiari, norbera babesteko ekipamenduari, makineriari, atseden-denborari eta ogitartekoari dagokienez, zehapenak ezartzeko", salatu dute.
Halaber, udalari leporatu diote negoziazioa "dinamitatzea", hurrengo lau urteetan soldataren igoera muga kategoria txikietan %20koa izatea proposatu duelako. "Udalak esan du enpresa eta langileak ados jarri behar direla, baina hurrengo lau urteetarako igoera-muga jarri du, eta, beraz, igoera txikiagoa izango da gainerako kategorietarako", azaldu dute.
Gauzak horrela, mobilizazioekin aurrera jarraitzeko asmoa dute lorezainek, eta aste honetan, asteartean eta ostegunean, sinadura bilketa egingo dute Andre Maria Zuriaren plazan. Asteazkenean, berriz, karabana autoa eginen dute Gamarrako igerilekuetatik Mendizorrotzeko igerilekuetara.