Judimendiko parkearen birmoldaketa aste honetan hasiko dute

Erredakzioa 2025eko abuztuaren 25a

Aste honetan hasiko dira Judimendiko parkea berritzeko lanak. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Txakurren jabeentzat agility motako eremua sortuko dute. Jolasgunea ere handituko da, eta kafetegiaren ondoan, haur txikienentzat bereziki diseinatutako bi jolas berri jarriko dira.

Gasteizko Udalak aste honetan hasiko ditu Judimendi parkearen birmoldaketa integrala egiteko lanak. Proiektuak 228.000 euroko inbertsioa du eta lau hilabeteko epea izango du gauzatzeko. Esku hartze horrek auzoko bizilagunek behin eta berriz egindako eskaerari erantzuten dio, eta berdegune horren erabilerak modernizatzea eta dibertsifikatzea du helburu.

Proiektuaren elementu berritzaileenetako bat txakurren jabeentzako agility motako eremua sortzea izango da. Gune hori gutxi gorabehera 600 metro koadroko lurzati batean jarriko da eta, haren inguruan, hesia egongo da. Sarbide bikoitza izango du, eta pasabidea, tunelak, slaloma, plataformak eta tranpolina izango dituen zirkuitua ere prestatuko da. Altzari egokituak ere izango ditu: iturria, eserlekuak, paperontzi bereziak eta argiak.

Umeentzako eremu berrituak

Txakur parkeaz gain, proiektuak haurrentzako eremuak erabat berritzea aurreikusten du. Batetik, parkearen hegoaldeko muturrean, jolasgunea handituko da: diseinu naturalizatuagoa eta inklusiboagoa izango du, eta karrusel motako zabua, soka-dorrea, oreka-jolasak, habia-zabua eta 25 metroko tirolina izango ditu.

Bestetik, tabernaren ondoan, haur txikienentzat bereziki diseinatutako bi jolas berri jarriko dira.

Bi eremuek zoladura berrituak (kautxua eta pinuaren azala), hiri-altzari berriak eta ureztatze-sarearen hobekuntzak izango dituzte. Gainera, hondatuta dagoen kautxua kenduko dute.

"Aste honetan hasiko dituzten lanak parke osoagoa izateko apustuarekin lotuta daude; bertan, pertsona bakoitzak bere lekua aurkituko du. Jolaserako, atsedenerako, paseorako eta topaketarako pentsatutako espazioa da. Hitz gutxitan esanda, hobekuntza nabarmena izango da auzoko bizi-kalitaterako", esan du Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago