Gasteizko Udaltzaingoak sei gizon atxilotu ditu asteazkenean, gaur ezagutzera eman duenez. Horietako bati sexu askatasunaren aurka egitea egotzi diote. Aldabe plazan izan da atxiloketa hori. 47 urteko gizona bertako haur parkean aurkitu dute, "mozkortuta eta prakak jaitsita", adingabeei bere genitalak erakusten.
Goizean 29 urteko beste gizon bat eraman dute atxilo Arriagako Atean, eta agintaritzaren aurkako atentatua egotzi diote. Odolez blai ikusi dute kalean, "polizia bat hil nahi dut, albistegietan atera nahi dut" oihukatzen ari zela. Agenteek bide publikotik ateratzen saiatu diren arren, gizona "oldarkorra" bihurtu da, eta agente bati ukabilkada bat eman dio.
Salaketa berdina aurkeztu dute Antso Jakitunaren kalean 49 gizonezko baten aurka, "erresistentzia eta desobedientzia larria" leporatuta. Herritar batek salatu du gizona adingabe bati sexu jazarpena egin diola Gorbeia kalean, eta, eraman nahi izan dutenean, udaltzain bati eraso egin dio.
Gainerako hiru atxiloketak lapurreten harira izan dira. Bake kalean 24 urteko gazte bat atxilotu dute, bi lurrin lapurtzen saiatzeagatik eta segurtasun zaintzaile bati eraso egiteagatik. Badaia kalean, berriz, 28 urteko gizonezko bat eraman dute, auto baten barruan pertsona bati 30.000 euro inguruko balioa duen erlojua lapurtzen saiatzeagatik. Herritar batzuek eta banatzaile batek atzeman dute gaztea. Azken atxiloketa Zapatari kalean gertatu da: 26 urteko gizonezko batek produktu bat lapurtu du denda batean, eta dendariak lapurreta eragoztean, haren anaiari ukabilkadak eman dizkio. Gizonak dendariari eta beste langile batzuei heriotza mehatxuak egin dizkiela zabaldu du Udaltzaingoak.