"Malgutasun" neurriak salatu dituzte Mercedes-Benz-eko langileek

Erredakzioa 2025eko abuztuaren 1a

Neurriak salatzeko kontzentrazioa egin dute langileek. Argazkia: ELA

Lanaldi luzeak, exijentzia maila handia areagotzea, eta familia eta lana uztartzeko ezintasuna salatu du langile batzordearen gehiengoak.

Mercedes-Benz enpresan martxotik ezarri diren "malgutasun" neurriak errefusatu ditu enpresa batzordearen gehiengoak, eta hala adierazi diote zuzendaritzari. CCOO eta UGT sindikatuek, ordea, ez dute bat egin salaketarekin.

Langileek ostegun honetan egindako agerraldi publiko batean azaldu dutenez, astean bederatzi orduko lanaldi luzeak egiteko aukera ematen du eredu berriak, larunbatak goizeko txandan sartuz eta atseden egunik gabe. Neurri horiek eragin "negatibo nabarmena" eragin dute langileengan, sindikatuek salatu dutenez: "gaueko hamabiak arteko lanaldiak, bajen igoera, eta lana eta familia uztartzeko zailtasunak".

Desadostasuna erakusteko, sindikatuek sinadura bilketa egin dute lan antolaketa berria jasaten ari diren 2.500 langileen artean, eta 1.971 sinadura bildu dituzte guztira. Halaber, konpromiso argia eskatu diete enpresa batzordeko kideei horrelako neurriak aurreikusten dituen hitzarmenik ez sinatzeko. Adierazi dutenez, "batzordea osatzen duten 31 pertsonetatik 22k" hartu dute konpromiso hori.

Exijentzia maila handia

Langileen batzordeak gogorarazi du Mercedes-Benz-eko ekoizpen kateetan egiten den lanak exijentzia maila handia dakarrela. "Zikloa minuturo eta 40 segundotan errepikatzen da", zehaztu dute. Hori areagotu egiten da asteko lanaldiak 5 eta 13 ordu bitartean luzatzen direnean, goizeko txandetan 53 ordura iritsiz eta arratsaldekoetan 45 ordura, hori guztia "atsedenik gabe eta ergonomikoki gehien zigortutako lanpostuei bereziki eraginez", esan dute.

Aldi baterako kontratazioen aurka

Ordutegien malgutasunak eragindako ezinegonaz gain, batzordearen gehiengo sindikalak "erabateko gaitzespena" adierazi du enpresak iragarri duen kontratazio politika berriaren aurrean. Aditzera eman dutenez, kontratazio zuzenaren ordez Aldi Baterako Laneko Enpresen (ABLE) bidez langileak kontratatzea nahi du, eta horrek, sindikatuen hitzetan, "ekoizpen lerroetan prekarizazioa sartzea ekarriko du". 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago