Musika beltzak gurean utzitako arrastoari helduko dio beste behin ere Aztarna Beltza jaialdiak. Uztailaren 31n hasita gospel, hip-hop, blues, reggae, soul eta funk doinuek hartuko dute Burulleria plaza, beste behin, eta hainbat emanaldi eskainiko dituzte igandera arte, abuztuaren 3ra arte. Doan eta publiko guztientzako pentsatua.
2019an egin zen lehen aldiz Aztarna Beltza jaialdia, musika afroamerikarraren aztarnari balioa emateko asmoz. Aurten, 15 artistek hartuko dute Gasteizko oholtza datozen egunetan, eta gainera Zuloa espazioan Aztarna Beltzaren inguruko erakusketa ikusgai dago jadanik. Gaur bertan hasiko da musika eskaintza. June Molina artista gasteiztarrak 20:00etan hasiko du bere emanaldia, Bostonetik etorrita jaioterrian jotzeko, kasu honetan Falerinako terrazan.
Musika beltzaren asteburua
Datozen egunetan beste hainbat ikuskizun ere egongo dira. Ostiralean 12:30etan Aztarna Beltzaren kalejirak Gasteizko kaleak zeharkatuko ditu, eta arratsaldean hiru kontzertu ikusteko aukera egongo da Burullerian: 17:00etan Xarma, 20:00etan AC The Band eta 22:00etan Noa & the Hell Drinkers.
Larunbatean Txiflers taldeak bi emanaldi eskainiko ditu, 12:00etan bata eta 20:00etan bestea. Tartean, 18:00etan, Jhana Beaten kontzertua izango da, eta eguna amaitzeko Coca cola & Mentos taldeak joko du 22:00etan.
Igande eguerdirako bi zita proposatu dituzte, NatKat eta Joyful Gospel Choir taldeenak, 12:00etan eta 13:00etan hurrenez hurren. Arratsaldea The Groovaloovas taldeak zabalduko du 18:00tan, jarraian Los Chocolatinos-en ikuskizuna 20:00etan, eta jaialdia ixteko ardura Aurora & The Betrayers taldeak izango du, 22:00etan hasiko den kontzertuan.