Hamaikagarren aldiz Kazetaritza bertatik bertara jardunaldiak antolatu dituzte Gasteizen, gaurkotasuneko gaiak lantzeko kazetari eta nazioarteko adituen laguntzaz. Abuztuaren 25etik 29ra egingo dira hitzaldi, mahainguru, erakusketa eta film proiekzioak, hamazazpi jarduera guztira.
"Israel-Palestinako gatazka", Indiako gaurkotasuna, Europako Batasuneko nortasun-krisia, Donald Trumpen itzulera Estatu Batuetan eta Latinoamerikako egoera geopolitikoa izango dituzte hizpide, besteak beste.
"Gogoeta egin eta pentsamendu kritikoa suspertu ahal izateko" balio dute jardunaldiok, Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziaren esanetan. Berriemaile bereziak eta gatazka eremuetan lan egiten duten fotokazetariak bilduko ditu ekimenak Europa jauregian. 12:00etan eta 19:00etan izango dira jarduerak, doan, tokia bete arte. Gauetan, 21:30ean, landutako edukiekin lotutako filmak proiektatuko dira Florida zineman, 3 euroren truke, eta adituekin hizketaldia egiteko aukera izango da ostean.
Exodos argazki erakusketa egongo da ikusgai Europa jauregiaren kanpoaldean, abuztuaren 19tik irailaren 14ra. Sergi Camara Kataluniako fotodokumentalistaren erakusketak bisita bat proposatzen du mundu mailako migrazio ibilbideetan barrena.
Jardunaldietako egitarau osoa hemen ikus daiteke.