Lau hilabete dira Gasteizko lorezaintza zerbitzuko langileek greba hasi zutenetik, hitzarmen propioa eta soldata igoera eskatzeko, eta ez atzera ez aurrera jarraitzen du aferak. Egoera hori salatzeko manifestazioa egin dute gaur, Eusko Jaurlaritzatik Zubibarri kaleko enpresaren egoitzara. Enviser enpresaren eta Gasteizko Udalaren aldetik "negoziatzeko mugimendu eta interes falta" salatu dute langileek.
"Gatazka bahituta dutela" esan dute, uztailaren 7tik ez baitute bilerarik egin. "Langileak prest azaldu dira uneoro hitzarmen kolektibo bat negoziatzeko, berme eta edukiekin", ohartarazi dute sindikatuek. Enpresari eta Udalari "immobilismoa" egotzi diete, eta Eusko Jaurlaritzak hiriko lorategiak mantentzeko ezarritako gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" direla uste dute.
Sindikatuek gogorarazi dute Enviserreko langileak ez direla oporretan joango abuztuan, eta mobilizazioek aurrera jarraituko dutela "soldata duina jasotzen duen hitzarmen propio duin bat lortu arte".
